GIZARTEA

Nafarroako sindikatu guztiak batera aterako dira kalera, hezkuntzako murrizketak salatzeko

Larunbat honetan eginen dute manifestazioa, 18:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta.

Hezkuntzako sindikatuen agerraldia, Nafarroako Lan Epaitegian. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2018ko maiatzaren 3a
07:14
Entzun

Batasun irudia eman dute Nafarroako hezkuntza alorreko sindikatuek. LAB, Steilas, Afapna, CCOO, Anpe, ELA, APS, CSIF eta UGTk agerraldia egin dute Iruñean, murrizketak salatu eta heldu den larunbateko manifestazioa iragartzeko.

"Konpromiso zehatzak" eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari, hezkuntza publikoaren finantzaketa handitu, lan baldintzak hobetu eta sektorea "krisiaren aurreko egoerara itzularazteko, gutxienez". Sindikatuen aburuz, "dotazio ekonomikodun proposamen zehatzak" mahai gainean jarri beharko lituzke gobernuak, asmo eta helburuez harago. "Bigarren Hezkuntzako lanordu kopurua leheneratze aldera, 2019-2020 ikasturterako finantzaketa eta egokitze juridikoa bilatzeko konpromisoa hartu zuen kontseilariak; baina, oraingoz, asmo hutsak besterik ez dira, ez baitute aurrekontua bermatua".

Irakasleen ordezkapenen auzian, berriz, sindikatuek diote Hezkuntza Departamentua "prest" agertu dela "irizpide berri eta hobeak" erabiltzen hasteko, "baina ez du zehaztu zertan gorpuztuko den hobekuntza hori".

Departamentuaren eta sindikatuen arteko negoziazioa eten egin zen iragan otsailean, baina martxoaren 27an heldu zieten berriz elkarrizketei. Bitartean, hainbat protesta ekintza eta bilera informatibo egin dituzte sindikatuek ikastetxe publikoetan. "Orain arte, 64 ikastetxek gure aldarrikapenekiko atxikimendua igorri diote departamentuari; eta gauza bera adierazi dute guraso elkarteen hiru federazioek: Britilak, Herrikoak eta Sortzen-ek".

Mahai sektoriala, bihar

Bihar bilduko da Hezkuntzako mahai sektoriala. Departamentuak hor agertutako konpromisoen arabera erabakiko dute sindikatuek negoziazio mahaian segitu ala ez. "Idatzizko konpromiso bat behar dugu". Sindikatu guztien izenean hitz egin dute LABeko Alberto Goikoak eta Steilaseko Amaia Zubietak.

Hezkuntza Departamentuaren jarrera kritikatu dute bi eledunek. "Jendea nahasten eta desmobilizatzen saiatu dira. Ikastetxera igorri ditu albiste on batzuk, ustez: ratioak gutxitu direla, ordezkapenak teknikoki ahal bezainbeste doitu direla, edota 2018-2019ko ikasturtean hasiko dela zuzeneko irakaskuntza orduen gutxitzea. Baina hori ez da egia kasu guztietan".

Hezkuntzako hitzarmen bat sinatzea "nahitaezkoa" dela nabarmendu dute. Horregatik, "murrizketak iraultzeko, hezkuntza kalitatea hobetzeko eta eskola publikoa finantzatzeko legea erdiesteko", manifestazioan parte hartzeko deia egin dute: heldu den larunbatean izanen da, maiatzaren 5ean, 18:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.