ZIKOINAK NAFARROAN

Nafarroako teilatuetako apopiloak

edurne elizondo
IRUÑEA
2004ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gurelur talde ekologistako kideek amiamoko edo zikoina zuriek egindako habia bat kendu zuten joan den astelehenean Zarrakazteluko udaletxeko teilatutik, herriko etxeko agintariek eskatuta. Habia eraikina hondatzen ari zen, eta handik kentzea erabaki zuen Gurelurrek. Habia kendu, teilak konpondu eta ur tutuak garbitu zituzten taldekideek.

Urtero hainbat zikoina habia kentzen edo tokiz aldatzen dituzte Gurelurrekoek, eraikinetan kalteak egiten dituztelako. 1995. urtean hasi zen talde ekologista zeregin horretan, herritarrek zikoina zurien kontrako jarrera izan ez zezaten.«Zikoina babestutako animalia da, eta, legez, Administrazioak hartu beharko luke bere gain hegazti horrek eragin ditzakeen kalteak konpontzeko ardura», azaldu digu Gurelurreko kide Antonio Munillak. Nafarroan, ordea, talde ekologista horrek egiten du habiak kentzeko edo tokiz aldatzeko kanpaina, «doan». «Kalteak izaten dituenak guri deitu, eta guk egiten dugu lan guztia. Nork bere kabuz habia kentzea legez kanpokoa baita. Zikoinak eragin ditzakeen kalteak arinduz, hegazti horren aldeko kanpaina egiten dugu», gaineratu du Munillak.

Habia, bikotearen topaleku

Azken urteotan gora egin du Nafarroan zikoina zurien kopuruak, eta, ondorioz, gora egin dute hegaztiok eragindako arazoek. Gure herrialdean, Erriberan dira zikoina bikote gehienak, Tuteran, San Adrianen eta Corellan, besteak beste. Iparralderago ere badira. Iruñean habia egiten duen bikotea da Nafarroan iparralderagoen dagoena. Munillaren esanetan, «zikoinen biologian ere eguraldiaren aldaketak hainbat aldaketa eragin ditu; Iruñeko bikoteak, adibidez, bi hilabete daramatza, dagoeneko, gure artean. Negu gero eta epelagoek aldatu dituzte hegaztion migrazio ezaugarriak».

Hegazti fidelak dira zikoina zuriak; bizitza osorako aukeratzen dute bikotea. Migrazioaren garaian, hala ere, bikoteko kide bakoitzak bere bidea egiten du. «Ez dira urte osoan elkarrekin egoten; bikoteak egindako habia izanen da beti bien topagunea, hala ere. Urtero, habian egiten du bikoteak bat», azaldu digu Gurelurreko kideak. «Otsail edo martxo aldera errunaldia gertatzen da, eta uztailaren bukaeran habia uzten dute amiamokoek, neguan itzultzeko».Neguan, betiko habira itzuliko dira zikoinak, eta habia ez badago, berria eginen dute: «Gizakiokin antz handia du zikoinak; burugogorra da, eta gustuko tokia topatzen duenean zaila da handik aldentzea. Horregatik, habia bat kentzen dugunean litekeena da hurrengo urtean berri bat egitea han bizi zen bikoteak».Hori dela eta, burdinazko egiturak baliatzen ditu Gurelurrek askotan teilatuetan jartzeko. «Kontua da zikoinek habia egitura horren gainean egitea, teilatuan kalterik ez egiteko, egitura horren eta teilatuaren arteko espazioak babesten baititu teilak eta eraikina bera».Kanpaidorre edo teilatu baten gainean habia bakarra badago, arazoari aurre egitea ez da oso zaila, baina gerta daiteke eraikin bakar batek hainbat habiaren pisuari eutsi behar izatea. Nafarroan, San Adrian herriko eliza da zikoinen eraginez egoerarik larrienean den eraikina: «40 habia baditu bere gainean elizako teilatuak; eraikina ez dago batere egoera onean eta habiek kalte handia egiten diote. Eraikinaren estalkia konpondu beharko litzateke lehenik eta behin, eta, ondoren, egituren bidez, saiatu habien eta teilatuaren artean espazioa zabaltzen. Urtero joan behar izaten dugu San Adrianera», azaldu du Munillak.1994. urtean zikoinen 88 bikote ziren Nafarroan, eta 2003an, 528. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, ordea, oso bestelakoa da zikoina zuriaren egoera, eta bikote bakar batzuk besterik ez dira gelditzen.Zikoina beltza, berriz, migrazioaren garaian besterik ez dugu ikusten gure artean. Zuriak ez bezala, gizakiaren beldur dira, eta haiengandik urrun bilatzen dituzte habiak jartzeko tokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.