Nafarroako Gobernuak eguneratu egin ditu zahar etxeetako prebentzio eta antolakuntza neurriak, birusaren transmisioa handia baita herrialdean. Egoitzetako antolakuntzarekin, guneen kudeaketarekin, birusaren transmisioarekin eta txertaketarekin zerikusia dute neurriok. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako departamentuak eta Osasun departamentuak erabaki dute egoitzetan sartzen diren egoiliar berriei PCR bat egitea. Halaber, test diagnostiko bat egingo zaio egoitzatik kanpo 72 ordu baino gehiago izan den egoiliar orori, gaur erabaki dutenez.
Zahar etxeetako langileei dagokienez, langile berriei ere egingo zaizkie test diagnostikoak lanean hasi baino lehenago, bai eta hamabost egun baino gehiago lanetik kanpo egon direnei ere. Kasu horietan dauden langile guztiei egingo zaie proba diagnostikoa, txertatuta egon ala ez. Gobernuak esana du ez duela asmorik osasun langileak txertatzera behartzeko, eta irizpide bera erabiliko du zahar etxeetan ere. Hala ere, langileen txertaketa bultzatuko du gobernuak, eta lehentasuna emango dio txertatu nahi duenari.
Egoitzen barrualdean maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango, baina gobernuak hura erabiltzea aholkatuko du; era berean, gune horiek ongi aireztatzea gomendatu du. Bisitei dagokienez, berriz, indarrean dauden neurriei eutsiko die Nafarroako Gobernuak.