Aurtengo lehenengo seihilekoan genero indarkeriaren biktimak izan diren 119 pertsona harrera etxeetara joan dira laguntza eske Nafarroan. Horietatik 64 emakumeak dira, eta 55, adingabeak. Datu hori eman zuen atzo Maria Isabel Garcia Malo Nafarroako Gobernuko Ongizate, Gaztetasun eta Kiroletako kontseilariak. Urteko lehenengo sei hilabeteetan Nafarroan gertatu diren genero indarkeria kasuen inguruko datuak aztertu ditu Nafarroako Gobernuak, eta aurten iaz baino salaketa gehiago jarri direla egiaztatu da.
Emakumeen arretarako zentroetara babes bila jo duten 119 pertsona horietatik 83 (48 emakume eta 35 adingabe) urgentziazko kasuetarako prestatuak dituzten larrialdi zentroetan hartu dituzte, eta beste 23 (10 emakume eta 13 adingabe) harrera etxeetara joan dira. 13 pertsona (6 emakume eta 7 adingabe) genero indarkeriaren biktimentzat prestatuak dituzten pisuetan bizitzen egon dira. Harrera etxe horiek tratu txarrak jaso dituzten emakumeak eta haien seme-alabak babesteko eta ostatu emateko dira.
Horrez gain, Garcia Malok esan zuen egun arrisku handia daukaten lau emakumek bizkartzaina dutela, eta 36 kasutan erasotzaileei biktimengana hurbiltzea debekatu dietela. Gainera, epe laburrean Nafarroako genero indarkeria kasu guztien txostenak bilduko dituen datu base bat martxan jarriko dela iragarri zuen. Kontseilariak nabarmendu zuenez, urtez urte gero eta salaketa gehiago jartzen dira. 2004. urteko urtarriletik ekainera bitartean 365 emakumek salatu zituzten tratu txarrak; 2005ean 436 emakumek, eta joan den urtean 423 izan ziren tratu txarrak salatu zituztenak. Aurten, salaketa kopurua are gehiago igo da, 478 emakumek genero indarkiaren biktimak izan direla salatu baitute.
Urtarriletik ekainera arte jaso diren salaketen %49 (231) tratu txarrengatik izan dira, eta %16(76) eraso fisiko nahiz psikologikoengatik. Inguruari dagokionez, salaketa gehienak (% 67) Iruñerrian jarri dituzte genero indarkeriaren biktimek. Bestalde, datuek diotenez, biktima gehienek erasotzailea ezagutzen zuten, salaketen %81 lehenagotik ezagutzen zituzten pertsonen kontra jarri dituztelako.
Datu horien inguruan, Garcia Malok esan zuen beharrezkoa dela martxan jartzen diren neurrien eraginkortasunaren inguruko azterketa egitea. Hala, azpimarratu zuen Nafarroan gertatzen diren genero indarkeria kasuen txostenak bilduko dituen datu baseak eraginkorrak zein neurri diren eta zeintzuk ez jakiteko balioko duela.
harrera etxeak herrietan. 2004ko Nafarroako Parlamentuak onartu zuen foru legearen arabera, 20.000 biztanle baino gehiago duten eta merindade buru diren hiriek emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak direnentzat harrera etxeak izan behar dituzte, eta, gainera, goizez eta arratsaldez irekita egon beharko lukete. Egun, ordea, ez da lege hori betetzen, merindade buru diren hiriek ez dutelako zentrorik. Oraingoz, Tuterako zentroa da legea betetzen duen bakarra.
Horren inguruan galdetuta, Garcia Malok esan zuen oraindik jarduera asko martxan jarri behar direla eta hori lortzeko «lanean» ari direla. «Duela gutxi Tuterako emakumeen arretarako zentroa ireki zen eta gure asmoa gainerako alderdietan ere harrera etxeak irekitzea da». Hala ere, ez zuen zehaztu non eta noiz irekiko diren.
Nafarroan 119 pertsona babestu dituzte harrera etxeetan indarkeriagatik
Ekainera arte Nafarroan 478 emakumek salatu dituzte tratu txarrak, iaz baino 55 gehiagok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu