Urtea amaitzeko egun bakarra gelditzen dela, 38koa da Nafarroan 2010. urtean errepidean hildakoen kopurua. Joan den urtean ere 38 lagun hil ziren herri arteko errepideetan eta herri barruan gertatutako istripuetan. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 30 pertsona gobernuak berak kudeatzen duen errepide sarean zendu ziren, eta beste zortziak bestelako bideetan.
Nafarroan azken hamar urteetan errepidean hildakoen kopurua jaitsi egin dela berresten dute datu horiek, Javier Caballero Barne kontseilariaren aburuz. Izan ere, 2000tik hona hildakoen kopurua % 71 jaitsi da. Urte hartan 118 pertsona hil ziren Nafarroan. Errepide Segurtasunerako Europako Kartak istripuetan hildakoak erdira jaisteko helburua jarri zuen orain dela hamar urte, eta kopuru horietara 2006an iritsi zen Nafarroa.
Abuztua, hil beltza
Istripuei buruzko datuak hilabeteka aztertuta, abuztua izan da hilabeterik tragikoena Nafarroako errepideetan, zazpi hildakorekin. Urtarrilean, bost pertsona hil ziren istripuan, eta azaroan, beste bost; apirilean, maiatzean eta uztailean lau lagun hil ziren hil bakoitzean; hiru martxoan, eta otsailean, ekainean eta urrian, bat hil bakoitzeko. Abendu honetan bi lagun zendu dira Nafarroan. Eratsunen 75 urteko gizon bat hil zen gidatzen zihoan autoa amildegi batera erorita, eta Beran, berriz, 35 urteko kamioi gidari bat hil zen, errepidetik aterata.
Hildakoak eragin dituzten istripuetatik 21 errepidetik ateratzearen ondorioz gertatu dira. Bederatzi pertsona talkaren ondorioz hil dira; zazpi, ibilgailu batek harrapatuta, eta istripu bat stop seinale bat ez errespetatzeagatik izan da. Hildakoetatik lau adingabeak ziren (%10,5), hamabost 18 eta 34 urte artekoak (%39,5), sei 35 eta 44 urte bitartekoak (%15,7) eta gainerako hamahiruak 45 urtetik gorakoak (%34,2). Hildakoetatik 29 autoan edota furgonetan zihoazen; hiru, kamioi batean; lau, motorrean, eta bi, bizikletan. 30 gizonak ziren; emakumeak, 8.
Errepideetako kontrolak ere areagotu egin dira 2010ean, Javier Caballerok jakinarazi duenez. Gidariei 9.700 kontrol inguru egin dizkie Foruzaingoak —iaz baino %14 gehiago—, eta 1,3 milioi auto ikuskatu ditu —%30 gehiago—. 48.000 alkoholemia proba egin dituzte —iaz bezala—, eta 301 droga proba —iazkoaren bikoitza—. Foruzaingoak 419 pertsona atxilotu ditu zirkulazioari lotutako delituengatik.
Bestalde, «leku arriskutsuak» kentzearren errepideak egokitzeko eginiko lana nabarmendu du Barne kontseilariak. Horri dagokionez, istripu ugari izaten ziren bi gune kendu egin dituztela adierazi du. Bata, Iruñetik Uhartera joateko errepidean (PA-30) eta bestea, NA-115ean, Tafalla eta Rincon de Soto (Errioxa) artekoan.
Nafarroan 38 lagun hil dira errepide istripuan 2010ean
Abuztua izan da hilabete beltzena, zazpi hildakorekin; bost lagun hil ziren urtarrilean, eta azaroan, beste bost
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu