Nafarroan, 400 euroen ordez, beste erreforma bat

Nafarroako Gobernuak aurreratu du lanagatik ezartzen diren kenkariak handitu egingo dituztela

joxerra senar
2008ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroan ez da 400 eurorik itzuliko. Foru erkidegoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren hamaikagarren erreforma egingo dute. Akordio hori iritsi zuten maiatzaren 5ean Nafarroako Gobernuak eta PSNk. Haatik, oraindik exekutiboak ez du argibiderik eman zer-nolako neurriak jasoko dituen erreforma berri horrek. Gobernuak esan du hiru aste baino ez direla iragan akordio hori egin zenetik eta oraindik goiz dela zehazteko.

Dena den, iragan astean, Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran, azalpen batzuk eman zituen Alvaro Miranda Nafarroako Ogasun kontseilariak, Ion Erro NEBeko parlamentariak egindako galderei erantzuteko asmoz. Mirandak aurreratu zuen «400 euroen haritik» egingo dela erreforma eta lau irizpide izango dituela.

Batetik, lanagatik ezartzen diren zerga kenkariak handitu egingo dira -ez zuen zehaztu zenbat-. Bigarrenik, neurriak «zergak ordaintzen dituzten errenta apalenei egingo die mesede gehien». Hirugarrenik, eta horrekin lotuta, Mirandak adierazi zuen litekeena delaerrenta apalenei «400 euro baino gehiagoko kenkariak ezartzea».

Laugarrenik, erreformak «atzerako eragina» izango du, eta, hortaz, berdin dio noiz onartzen duten: kenkariak 2008ko errenta kanpainan ezarriko dira. Erreforma foru arau moduan onartuko dute, eta Mirandak adierazi zuen «erantzukizun handienarekin» ezarriko dela, era berean horrek Nafarroako aurrekontuetan izango dituen kostuen «kalkulu zehatza» egin behar delako. Are gehiago jarduera ekonomikoa moteltzen ari den garaian. Mirandaren arabera, erreformak «zerbitzu publikoen ohiko funtzionamenduari ez eragitea» da helburua.

Orain ikusteke dago irizpide horiek nola ezartzen dituzten eta zehazki zer proposamen egiten dion Nafarroako Gobernuak Parlamentuari. Dena den, PSNk UPNrekin eta CDNrekin egindako akordioa izanik, erreforma hori aurrera ateratzeko nahikoa boto izanen dute, ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.