Nafarroan abortua zentro publikoetan egiteko eskatu du parlamentuak

Bilduk aurkeztutako mozioak aurrera egin du; UPN eta PPN kontra agertu dira, «legea betetzen delako»

edurne elizondo
Iruñea
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Osasunbidean abortatzeko eskubidea. Horren alde egin du Nafarroako Parlamentuak, bertze behin. Bilduk aurkeztu zuen mozioa atzoko saioan, eta talde horren, NaBairen, Ezkerraren eta PSNren botoekin egin zuen aurrera. UPNk eta PPNk kontrako boza eman zuten. «Bizitzaren alde» direla nabarmendu zuten bi alderdietako ordezkariek. Marta Vera Osasun kontseilariak erran zuen «legea bete» egiten dutela.

Hego Euskal Herrian indarrean dagoen abortuaren legeak jasotzen du emakumeek eskubidea dutela bizi diren herrialdean abortatzeko. Iazko urrira arte, eskubide hori ez zen betetzen Nafarroan, emakumeek herrialdetik kanpo joan behar baitzuten abortatzera. 2011ko urrian Antsoainen zabaldu klinika pribatuarekin hitzarmena sinatu zuen Nafarroako Osasun Departamentuak. «Nafarroan bai, baina, oraindik ere, zentro publiko batean ezin dute abortatu hemengo emakumeek», salatu du Bilduko Bakartxo Ruizek. Kezka agertu du, PPk abortuaren legea aldatzeko asmoa duelako eta mahai gainean jarri duelako abortua ez ordaintzeko aukera. «Inoiz baino beharrezkoagoa da zentro publikoetan abortatzeko eskubidea babestea».

NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek argi du auzi horren inguruan bere ideologia inposatu nahi duela UPNk. «Inkisizioaren gisa jokatzen dute abortuaren gaian. Legea betetzen dutela diote behin eta berriz, baina ez da egia. Eta gezurra da, halaber, Nafarroako mediku guztiak kontzientzia eragozle direnik».

Medikuen kontzientzia eragozpenerako eskubidea aldarrikatu izan du UPNk abortua zentro publikoetan ez egiteko. Eskubide horren alde egin du, bertze behin, UPNko Maria Carmen Ferrerrek parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.