"Lehen urratsa da alderdi desberdinen arteko akordioa lortzea edukiaren inguruan. Lehentasuna aldaketa da eta horretarako programa berri bat osatzea", nabarmendu du Adolfo Araizek, EH BIlduren Nafarroako presidentetzarako hautagaiak.
Hain zuzen ere, Podemosek Nafarroako presidentetza eskuratzeko aukera egongo balitz hura babestuko ote lukeen galdetuta Araizek azaldu du alderdia "hizketakide bat gehiago" izango dela aldaketarako programa erabakitzeko garaian. "Gerta liteke gizarte gaietan eta ekonomikoetan bi alderdiak bat etortzea. Ez luke arazorik egon behar Podemosekin eta beste alderdi batzuekin aldaketarako programa bat adosteko".
Ez da lehen aldia EH Bilduk Podemosekin hitz egiteko aukera aipatzen duela. Joan den astean bertan horretarako prest legokeela iragartzen zuen, "bazterketarik gabeko aldaketa" lortze aldera.
Dena den, EH Bilduko hautagaiaren arabera, PSN, PPN eta PPN-k bat eginda 26 eserlekuko gehiengo osoa lortzen badute, ez da aldaketarako aukerarik izango.
Hain zuzen ere, eta PSNri dagokionez, zuzendaritza aldaketak ez duela haren jarrera aldaketa eragin uste du Araizek. "Ez ditu baliatu aldaketari atea irekitzeko orain arte eduki dituen aukerak".