Nafarroan D ereduaren joera goranzkoa dela erran du Campoy kontseilariak

Igoera urtero txikia dela zehaztu du; aurten 20.083 ikasle ari dira euskaraz herrialdean

edurne elizondo
2006ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ikasleen % 24,8. Hori da Nafarroan D ereduan aritzen direnen kopurua. 20.083 gazte denera. Hezkuntza kontseilari Luis Campoyk azaldu du eredu horren joera goranzkoa dela azken urteotan. Igoera txikia dela zehaztu du, dena den. A ereduak joera bera duela gaineratu du Campoyk. Horretan 17.547 ikasle ari dira hasi berri den ikasturtean. Gaztelaniaz ikasten dute, baina euskara ikasgaitzat hartzen dute. Ikasleen % 21,6 ari dira eredu horretan. G ereduan, berriz, 43.269 neska-mutil izanen dira, ikasleen % 53,4.

Hilaren 5ean hasi zen ikasturte berria haur goiztiarrenentzat. Datorren astelehenean hasiko dute berantiarrenek.Ia 87.200 ikasle denera.Haietatik ia 8.900 etorkinak dira. % 10, alegia, Campoyk ezagutarazi duenez. Ikasleon beharrak asetzeko Nafarroako Gobernuak bederatzi programa badituela gaineratu du Hezkuntza zuzendari nagusi Fermin Villanuevak. Etorkinen artean sare publikoaren aldeko hautua egiten dute gehienek, % 80k alegia.

Ikasturte berriaren hasieran, bestelako datuak nabarmendu nahi izan ditu Hezkuntza kontseilariak, haien artean batxilergoari buruzkoak. Izan ere, aurten behera egin du esparru horretan izena eman duten ikasleen kopuruak, eta, gora, berriz, Lanbide Heziketaren aldeko hautua egin dutenenak. Villanuevaren ustez, zenbaki horiek islatzen dute Lanbide Heziketak lanpostu bat lortzeko eskaintzen dituen aukerak baliatzen dituztela ikasleek.

Campoyk, bestalde, eskolan huts egiten duten ikasleen auzia izan du mintzagai, eta pozik agertu da Nafarroak dituen datuekin: %18 inguru dira huts egiten dutenak ikasle guztien artean. «Europako batez bestekoaren azpitik gaude».

Kopuru horiei eusteko «orain arte bezala» jarraitzeko asmoa du Campoyk. Ikasturte honetarako badu beste lehentasunik. Espainiako Gobernua prestatzen ari den Hezkuntza Lege Organikoa da horietako bat. Curriculum berria prestatu ahal izateko Espainiako Gobernuak onartu behar duen dekretuaren zain dira Nafarroan, Campoyk azpimarratu duenez. «Abendua baino lehen onartzen ez badute, nekez prestatu ahal izanen dugu curriculuma datorren ikasturterako», aurreratu du.

ATLANTE PROGRAMA.Hezkuntza Sailaren lehentasunen artean dago, bestalde, 0-3 zikloa arautzeko dekretua prestatzea. Hori azpimarratu du Campoyk. Haur eta Lehen Hezkuntzari buruzko Gobernuaren planak ezbaian dira Nafarroan, sententzia batek berriki Atlante programa bertan behera utzi duenetik. EILAS sindikatuak aurkeztu zuen helegitearen harira plazaratu dute epaileek beren erabakia.

Sindikatu horren ustez programak irakasleen lan baldintzetan eraginik badu, eta, ondorioz, Eskola Kontseiluaren oniritzia behar zuen. Gobernuak, ordea, ez zuen horrelakorik eskatu. «Ez baikenuen uste horren beharrik bazela», erran du Campoyk. Sententzia ez dela behin betikoa azpimarratu du, eta aurrera jarraituko dutela programarekin.

Sindikatuek bilera eskatu diote Hezkuntza Sailari. Fermin Villanueva Hezkuntza zuzendari nagusiak erran du ostiralean eginen dutela, besteak beste, Atlante auziaz hitz egiteko.

############

Selektibitate azterketen ordua, berriz

Bigarrena. Ekainean selektibitatea gainditu ez zuten ikasleek azterketak errepikatzeko beste aukera bat izanen dute egunotan Nafarroan.Nafarroako Unibertsitate Publikoak hartu ditu ikasleok, atzotik eta datorren ostirala bitarte.

Denera 438 ikaslek eman dute izena selektibitatea egiteko. Haietako 246 emakumeak dira, % 56. Gizonezkoak 192 dira. Ikasleon artean, halaber, bosten asmoa da ekainean lortu zuten nota igotzea. Gehienek ekaineko deialdia ez zutelako gainditu errepikatuko dute orain.

Azterketak orain eginen dituzten gazteen artean, bestalde, 336k G ereduan egin dituzte orain arteko ikasketak, eta 94k D ereduan. A eredukoak, berriz, zortzi dira.

Atzo goizean hasi ziren selektibitateko iraileko azterketak historia testu baten analisiarekin, eta, ostirala bitarte, goizez eta arratsaldez eginen dituzteNUPeko egoitzan. Ostiralean arratsaldeko 16:00etan puntuan hasiko dira azken azterketak, ingurumenari, ekonomiari eta grezierari buruzko probekin, besteak beste.

Joan den ekainean 2.053 ikaslek egin zuten selektibitatea Nafarroan. Haietako 1.895ek gainditu zuten.

############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.