Nafarroako Gobernuak Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2010-2020Plana onartu du, eta, horren ondorioz, errauste planta gertuago dago; hondakinak murrizteaz, berrerabiltzeaz eta berreskuratzeaz gainera, zaborrak erraustea «ezinbesteko aukera» gisa hartzen baitu planak. Herritarren parte-hartzea eta proposamenak «kontuan hartu» zirela adierazi zuen gobernuak. Nafarroako Ekologistak Martxan taldeak eta ezker abertzaleak, ordea, ez dute iritzi bera, eta errauste plantaren aurka agertu dira. Proiektua «inposatzea» eta herritarren nahia kontuan ez hartzea egotzi diote UPNren gobernuari.
Ekologistak Martxanek dio errauste planta Nafarroako biztanleek behar ez duten «inposaketa» bat dela. «Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak esan arren errauste plantak ingurumenean kalte gutxi sortzen duela eta ekonomikoki aukera onena dela, errealitatea oso bestelakoa da; izan ere, proiektu kutsakorra eta arriskutsua da».
«Batere hondakinik» ez sortzeko helburuarekin eraikiko du errauste planta Nafarroako Gobernuak; Ekologistak Martxanen arabera, ordea, errauste plantek ez dituzte zaborrak desagerrarazten: «Hondakinak eraldatzen ditu, kasu gehienetan gai arriskutsu eta toxikoak sortuz». Gai horiek atmosferaren bidez garraiatzen direla eta urak eta lurrak kutsatzen dituztela ohartarazi du.
Era berean mintzatu da ezker abertzalea, eta esan du hainbat herritarrek, elkartek eta erakundek errauste planta ez egiteko eskatu duten arren gobernuak «inposizio eta itsukeria politikoagatik» onartu duela plana. «Benetako parte-hartze prozesua» ez dela egin adierazi du, «helburua errauste planta egitea zelako».
Plana garatzeko gastatuko dituzten 213 milioi euroetatik 200 milioi euro errauste planta eraikitzeko eta kudeatzeko erabiliko dituztela kritikatu du ezker abertzaleak. Hortaz, hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta berreskuratzeko programak «bazterrean utziko» dituztela salatu du.
Nafarroan errauste planta «inposatu» dutela uste dute ekologistek
Hondakinen plana onartuta gobernuak herritarrak ez dituela kontuan hartu salatu du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu