Nafarroan auto istripuetan hildako pertsonen kopurua %29,7 gutxitu da 2007ko lehen zazpi hilabetean, aurreko urtearekin alderatuta. Izan ere, aurten 26 pertsonek galdu dute bizia errepidean, eta iaz 37 pertsonek. Horren haritik, Nafarroako Gobernuak interpretazio baikorra egin du. Izan ere, haien ustez, «ezin hobeto» betetzen ari da 2005-2012rako Errepideko Segurtasun Planean jarritako helburua. Planaren helburua hildakoak %10 gutxitzea da, eta «dagoeneko» %29,7 gutxitu direla azpimarratu dute Gobernuko arduradunek. Horrez gain, gogorarazi dute Nafarroako Gobernuak jada bete dituela Europako Batasunak zehaztutako helburuak. Europako Batasunak 2010erako errepideetako hildakoak 2000. urtearekiko erdira murriztea jarri zuen helburutzat, eta Nafarroak dagoeneko helburu hori lortu duela nabarmendu du Gobernuak. Izan ere, Gobernuak emandako datuen arabera, 2000. urtean 118 pertsona hil ziren auto istripuetan, eta 2005ean 55, hau da, erdia.
Urtea hasi zenetik errepide nagusietan 10 pertsona hil dira, eta tokiko errepideetan zortzi. Gainera, horietatik gehienak 18 eta 30 urte bitarteko gazteak eta 45 urtetik gorakoak izan dira; bi adin tarte horietan bederatzi pertsona hil dira.
Kontrol bereziko errepideei dagokionez (AP-68, A-68, AP-15, NA-134 eta N-121), istripuetan pertsona bakarra hil izana garrantzitsutzat jo dute Gobernuko arduradunek. Aurreko urtean, berriz, zazpi pertsona hil ziren.
Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121 errepidea da batez beste istripu gehien gertatzen den errepidea. Dena dela, aurten, lehengo urtean bezala, hildako bakarra egon da. 2005. urteak, aldiz, bestelako datuak utzi zituen errepide horretan; izan ere, 2005ean zortzi hildako egon baitziren Iruñea-Behobia arteko errepidean, urteko lehen zazpi hilabetean.
8.394 KONTROL. Foruzaingoak jarritako kontrolei dagokionez, orain arte 6.058 auto ingururi egin die abiadura kontrola, 693 gidariri alkohol proba, eta 1.643 autori eskatu diete dokumentazioa. Horietatik, 360ri salaketa jarri diete, zortzi pertsona atxilotu dituzte alkohol proban positibo emateagatik, eta bati, gainera, gidabaimenik gabe gidatzeagatik. Aurretik kendu zioten gidabaimena.
Nafarroan errepidean %29,7 gutxiago hil dira urte hasieratik
Aurten 26 pertsona hil dira auto istripuetan, eta horietatik bederatzi 18 eta 30 urte bitartekoak ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu