Nafarroako Gobernuak hautsitzat eman du 2009an Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako lankidetza ituna. Nafarroan ETB lurreko telebista digitalaren bidez ikusteko ituna sinatu zuten orduan bi gobernuek. Negoziazioa hausteko arrazoia iragan larunbatetik euskal kate publikoak eguraldiaren iragarpena egiteko erabilitako mapa dela dio Yolanda Barcinaren gobernuak. Nafarroako Gobernuak ez ditu mapa horiek begi onez ikusi, Nafarroako "erakunde errealitatea" errespetatzen ez duela argudiatuta.
Nafarroako Gobernuak salatu du eguraldi mapak "nafarren borondate politikoaren aurkakoak" direla, eta uste du mapa horiek ez dutela errespetatzen 2009an sinatutako lankidetza ituna. Itun horren hirugarren atalean, ETBk "Nafarroaren errealitate politikoa errespetatu" behar duela adierazi du gobernuak ohar baten bidez. Horrela, ETBk Nafarroa "EAEko errealitatetik kanpoko" erakunde gisa irudikatu behar luke.
Iragan larunbatean aldatu zuen ETBk eguraldia iragartzeko mapa, Patxi Lopezen agintaldian erabilitako mapa moldatuz. Euskal Herria erraz antzeman daitekeen arren, zatiketa administratiboa islatzen du mapak. Nafarroa eta EAE ondo bereizita agertzen dira; barne mugak irudikatu, eta bakoitza kolore batekin margotu dute.