Nafarroan gora (eguneko laburpena)

Eguneko hildakoen eta atzemandako positiboen kopuruak igo dira, batez ere, Nafarroan.

Desinfekzio gune bat, Nafarroako ospitalean. I. URIZ / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 29a
19:38
Entzun

Datuak interpretatu egin behar dira. Izurri baten kasuan, balio handia hartzen dute bilakaera eta joera adierazteko gai direnean. Datuak biltzeko irizpideak aldatuz joateak, baina, zaildu egiten du interpretazioa. Horrelako zerbait gertatzen ari da testen emaitzekin. Bi test mota erabiltzen ari dira: PCR testak eta test azkarrak. Espainiako Osasun Ministerioak berriki jarritako irizpidea jarraituz, soilik PCR testen bidez emandako positiboak hartuko dituzte erkidegoek gaurtik aurrera COVID-19aren kasu baieztatutzat. Baina test azkarren bidezko positiboak ezin dira gutxietsi.

Gaurko datuei dagokienez, test mota guztiak kontuan hartuta, deigarria da positibo kopuru altua: 591 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 62 gehiago. Araban, 58 positibo berri; Bizkaian, 245; Gipuzkoan, 34; eta Nafarroan, 254. Adi Nafarroako datuari, oso altua baita, orain arteko altuena. Testen % 20k, gainera, eman du positibo. Egia da, PCR testen bidez emandako positiboen kopurua txikia da: 35 Nafarroan, eta 55 EAEn. Baina Nafarroan test azkarren bidez positibo emandako pertsona gehienek (204) gaitzaren sintomak zituzten, eta soilik 15 ziren asintomatikoak. Egoera ez da martxoaren bigarren hamabostaldikoa edo apilaren hasierakoa bezalakoa, baina kutsatzeko arriskua hor dago.

Hildakoen kopuruak ere gora egin du: beste 35 pertsona hil dira (bezperan baino 21 gehiago) Hego Euskal Herrian, koronabirusaren gaitzarekin lotuta. Araban, 2 (=); Bizkaian, 13 (+3); Gipuzkoan, 4 (+2); eta Nafarroan, 16 (+16). Nafarroako hildakoen kasuan, Nafarroako Gobernuak argitu du zifra hori egun batzuei dagokiela, "datuen prozesuaren akats bat dela medio". Ospitaleratuen egoera pixka bat hobetu da. Bezperan baino 59 ospitaleratu gutxiago, guztira 898. ZIUn 147 pertsona daude (bezperan baino 12 gutxiago). Nafarroan, 6 ospitaleratu berri zenbatu dituzte (bezperan baino hiru gehiago).

Atzo arratsaldean Espainiako gobernuburuak normalitate berrira joateko azaldutako plana patxadaz begiratzeko eguna da gaurkoa. Lau faseak zehatz-mehatz azaldu ditu Joxerra Senar kazetariak. Frantziako lehen ministroak azaldutako plana Ekhi Erremundegi kazetariak jorratu du. Maiatzaren 11tik aurrera arinduko dute konfinamendua Ipar Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran onartu du kulturgintzako langileei  bideratutako larrialdiko laguntza programa. Denera, 2,5 milioi euroko diru poltsa egoera estuan dauden profesionalei bideratuta. Bingen Zupiria Kultura sailburuak BERRIAri eskainitako elkarrizketan azalpen gehiago aurki daitezke. 

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena

 

Agian honek ere merezi du

Aparteko zainketak. Izurriak lehen lerroan jarri ditu ZIU zainketa intentsiboetako unitateak. Pertsona asko ari dira zainketa horien beharra izaten COVID-19aren ondorioz. Zainketa intentsiboak zertan diren azaltzen ahalegindu da Arantxa Iraola, Iñaki Saralegi medikuaren laguntzaz. Noiz erabiltzen diren, ze ondorio izaten dituzten, ze arazo bioetiko sortzen diren...

Kaleko protestak. Mundu osoan eten bat gertatu da kaleko protesta masiboetan. Zenbait kasu errepasatu ditu Jone Bastida kazetariak: Hong Kong, Txile, Aljeria, Katalunia... 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.