Haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordea osatuko dute Nafarroako Parlamentuan. Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteko ordezkariak Presidentetza, Administrazio Publiko eta Barne Batzordean agertu zirenatzo, eta eskaera hori egin zieten parlamentariei. Alderdi guztiek babesa eman zioten proposamenari.
PSNk, Nafarroa Baik, Ezkerrak eta PPNk ikerketa batzordearen alde egin zuten. UPNko Coro Gainzak, berriz, erran zuen alderdi horrek «egungo legedia betetzen duen ekinaldi oro» babestuko duela, ikerketa batzordea zehazki aipatu gabe. PSNko Maite Esporrinek atzo bertan egin zuen ikerketa osatzeko eskaera, eta datorren astelehenean aztertuko dute Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak.
Batzordea osatzea «oso urrats garrantzitsua» dela erran zuen atzoko agerraldiaren amaieran Rosa Jauregik, Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideak. «Pozik gaude batzordea osatzearen alde egin dutelako taldeek; ekinaldia noraino heltzen den ikusi beharko dugu orain», gaineratu zuen.
Rosa Jauregirekin batera, elkarteko presidente Karmele Jauregi, Coro Arrondo presindeteordea eta Cristobalina Moral idazkaria izan ziren atzo Nafarroako Parlamentuan. Azaroan jarri zuten martxan elkartea, eta geroztik, 32 familiak egin dute harekin bat. Haur lapurtuen auziak, hala ere, anitzez ere jende gehiago ukitzen duela argi utzi zuten elkarteko ordezkariek atzo. «Ehun pertsonak baino gehiagok jo dute jada erregistrora informazio bila», zehaztu zuen Cristobalina Moralek parlamentuan.
Erregistroan, ospitale eta kliniketan, Iruñeko hilerrian eta informazioa izan dezaketen gainerako erakundeetan oztopoak baino ez dituzte aurkitu haurra lapurtu zieten susmoa duten familiek, kasu gehienetan. Horregatik joan ziren atzo Nafarroako Parlamentura. «Erakundeen laguntza behar dugu; gertatu zena jakin nahi dugu; gure eskubidea da, seme-alabak galdu zituzten gurasoen eskubidea da», nabarmendu zuen Moralek.
1952tik 1985era
Egun, Nafarroan SOS Haur Lapurtuak elkartean diren kideen artean, bost adoptatutako haurrak dira. Gainerakoak, ume bat galdu zuten familiak. Iruñeko amaetxean artatu zituzten gehienak. 1952. urtekoa da lehendabiziko kasua, eta 1985ekoa azkena. Bideko Ama Ospitalean ere artatu zituzten hainbat kasu, bai eta Gortari, San Miguel eta San Francisco Javier klinika pribatuetan, eta Gurutze Gorrian ere. «Kliniketako eta Gurutze Gorriko batere informaziorik ez dugu», erran zuen Arrondok.
«Frankismoak utzitako munstro bat da auzi hau». Argi eta garbi mintzatu zen Arrondo, batzordeko parlamentarien aurrean. Eta «munstro» horren atzean medikuak, erizainak, apaizak, mojak eta erakundeak zeudela gaineratu zuen. «1936ko gerraren ondotik hasi zen dena. Ezkerreko haurrak eskuineko familiei ematen zizkieten. Orduan hasi, eta 1990eko hamarkadara arte jarraitu du sareak. Arrazoia, gainera, dirua izan da».
Alde horretatik, memoria historikoaren esparruan kokatu zuen Bilduko kide Victor Rubiok haur lapurtuen auzia: «Egia, aitorpena eta ordaina behar dute familiek». Nafarroan auzia ikertzea bertze tokitan baino zailagoa izanen dela uste du Bilduko parlamentariak: «Nafarroa beldurrez josi zuen sare politiko-erlijiosoak tokia baitu, oraindik ere, nafarron eguneroko bizitzan».
SOS Haur Lapurtuak elkarteko ordezkarien agerraldia PSNk eskatu zuen, eta alderdi horretako parlamentari Maite Esporrinek elkartasuna agertu nahi izan zien atzo, lehenik eta behin. Azpimarratu zuen Nafarroako Parlamentuaren betebeharra dela elkartea laguntzea, eta lehentasuna informazioa biltzea dela.
NaBaiko ordezkari Nekane Perezek, halaber, elkartasuna eta babesa agertu zien senitartekoei. «Hemen batzordea egin daiteke, eta gu prest gaude horretarako». «Harrituta» agertu zuen UPNren jarrerarekin, elkarteko kideek Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainekin bilera egin zutenean batzordea osatzea ezinezkoa zela erran zielako.
Atzo, UPNko Coro Gainzak ez zuen aipatu zehazki ikerketa batzordea, baina elkartea laguntzeko prest agertu zen. «Jarraitu lanean, zuen eskubidea baita», erran zien elkarteko ordezkariei.
PPNko Eloy Villanuevak «onartezintzat» jo zuen haur lapurtuen auzia, bai eta erakundeek senitartekoen informazioa lortzeko bidea oztopatzea ere. Ezkerrako Txema Mauleonek gaineratu zuen egin dezaketen «gutxienekoa» dela auzia argitzeko ikerketa batzordea osatzea.
Nafarroan haur lapurtuen auzia ikertzeko asmoa du parlamentuak
PSN eta oposizioa batzordea osatzearen alde dira; UPNk «legea betetzen duen ekinaldi oro» babestuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu