Hezkuntza sistema «arriskuan» dagoela ohartarazi dute sindikatu eta hezkuntza eragileek Nafarroako Parlamentuan. Foru gobernuak egindako murrizketak salatu dituzte, eta «inposatu beharrean negoziatzeko» eskatu diote Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari.
Hezkuntza alorreko eragileak eta sindikatuek agerraldia egin zuten atzo parlamentuan. Murrizketen ondorioz hezkuntza sistemak egun duen kalitatearen inguruan kezka azaldu zuten Herrikoa eta Sortzen Ikasbatuaz guraso elkarteek. «Ikasturte hasieratik irakasleak falta dira, eta horrek eragina du hezkuntzaren kalitatean», nabarmendu zuen Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Aitziber Larreak. Hala, negoziatzeko deia egin zien Nafarroako Gobernuari eta sindikatuei Herrikoa elkarteko Santiago Alvarezek. «Mahai batean esertzeko eskatzen diegu. Ez dugu uste grebak onak direnik ikasleentzat, baina egoera ikusita ulertzen dugu irakasleen jarrera».
Zuzendarien elkarteek ere negoziazioaren alde egin zuten. «Hezkuntza politika egonkorra izatea behar dugu, eta horretarako funtsezkoa da adostasun bat egotea», defendatu zuen ADI elkarteko Javier Mangadok.
Sindikatuen izenean EILAS, LAB eta CCOOko ordezkariek hitz egin zuten. Nabarmendu zuten hezkuntza sistema dela gizartearen batasunaren eta aukera berdintasunaren bizkarrezurra. «Epe ertainean krisitik ateratzeko bermerik onena da. Hezkuntzan inbertitzea etorkizunean inbertitzea da», esan zuten CCOOko Jos Elizaldek eta LABeko Expe Iriartek.2006tik sare publikoan matrikulatuko ikasle kopurua%12a hazi den arren, hezkuntzara bideratutako inbertsioa ez dela maila berdinean igo nabarmendu zuten sindikatuetako ordezkariek. «Kontsumorako prezioen indizearen gainetik %0,43 baino ez da hazi urteko inbertsioa». Beren aldarrikapenak ez direla soilik lan baldintzei lotutakoak berretsi zuten. «Irakasleen gaixoaldiak ez ordezkatuz ikasleek hezkuntzarako duten eskubidea urratzen ari da Nafarroako Gobernua».
Salaketa horiek egitearekin batera, negoziatzeko borondatea dutela adierazi zioten beste behin Iribasi. Baina gutxi espero dute kontseilariaren aldetik.«Orain arte egin duen gauza bakarra neurriak inposatzea eta konfrontazioa sortzea izan da. Legegintzaldi hasieratik ez dugu jarrera aldaketarik ikusi haren aldetik», salatu zuen EILASeko Amaia Zubietak.
Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak sindikatu eta hezkuntza eragileen aldarrikapenak babestu zituzten, eta elkartasuna azaldu zieten. «Gizarte politiken alde egin beharrean, Nafarroako Gobernua porlanezko obra faraonikoak sustatzen ari da», salatu zuen Bilduko Aitziber Sarasolak.
Atzoko agerraldietan Nafarroako hezkuntza sistemaren inguruan eman zen «hondamenezko» irudiagatik kezka azaldu zuen PSNko parlamentari Pedro Rasconek. «Egoera kezkagarria da, baina ez atzeraezinezkoa». Ordezkapenen gaia konpontzeko beharra nabarmendu zuen. «Gai horrekin kezkatuta gaude. Izan ere, ezin da onartu hainbeste denbora itxarotea gaixoaldiaren eta ordezkapenaren artean»
UPN eta PPN izan ziren foru gobernuaren kudeaketa babestu, eta hezkuntzako sindikatu eta eragileen jarrera kritikatu zuten ten bakarrak. «Ulertezina da kalitatezko hezkuntza aldarrikatu, eta gero lanuzteak eta grebak deitzea», adierazi zuen PPNko Amaia Zarranzek. UPNko Carmen Gonzalezek, berriz, berretsi zuen Nafarroako Gobernua prest dagoela akordioak lortzeko: «Gure xedea beti izango da Nafarroako hezkuntza sistema kalitatezkoa izaten jarraitzea».
Bihar, ordubeteko lanuztea
Sindikatuek urriaren 27rako egina dute grebarako deia hezkuntzako murrizketen aurka. Baina ordura arte hainbat protesta ekintza egingo dituzte. Biharko, adibidez, ordubeteko lanuztera deitu dute, eta hilaren 25erako bi ordukoa.
Sortzen Ikasbatuaz eta Herrikoa elkarteek, berriz, manifestazioa egingo dute larunbatean, kalitatezko hezkuntza publikoa aldarrikatu eta murrizketak salatzeko. Antoniuti parketik abiatuko da, 17:30ean.
Nafarroako 0-3 sareko plataformako kideek bat egin dute protestarekin. Ikasle Abertzaleek ere dei egin dute hezkuntzako murrizketen aurkako mobilizazioetan parte hartzera, eta salatu dute ikasleen eskubideak eta askatasunak urratzen ari direla.
Nafarroan hezkuntza eredua kolokan dagoela salatu dute parlamentuan
Murrizketengatik kezkatuta daude guraso elkarteak, eta negoziatzeko eskatu diete sindikatuei eta foru gobernuariJose Iribas Osasun kontseilariaren jarrera «inposatzailea» kritikatu dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu