Espainiako Barne Ministerioak zabaldu dituen datuen arabera,Nafarroan igo egin da udal eta foru hauteskundeetako parte-hartzea duela 4 urtekoarekin alderatuta. Hala, botoa emateko aukera duten nafarren %59,61ek emana zuten botoa 18:00etan, duela 4 urte baino %3,25 gehiago —orduan %56,36koa zen parte-hartzea Nafarroan ordu berean—.
Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan apaldu egin da. Araban botoa emateko aukera dutenen %48,06k zuten botoa emana 18:00etan; Bizkaian, %49,48k, eta Gipuzkoan %%48,42. Nafarroako parte-hartzearekin alderatuta ez ezik, duela 4 urtekoarekin erkatuta ere txikitu egin da oraingoan, ia sei puntuko beherakada izan du probintzia horietan.
Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko herritarrek 09:00etatik 20:00etara dute botoa emateko aukera. Zehazki, 2.263.788 hego euskal herritarrekdute gaur botoa emateko aukera; horietatik 65.381ek, gainera, aurreneko aldiz eman ahal izango dute, 18 urte bete osteko aurreneko hauteskundeak izango batira eurentzat gaurkoak. Udaletako, batzar nagusietako eta Nafarroako Legebiltzarreko hautetsiak aukeratuko dituzte.
ASB eta Abertzale Sozialisten botopaperi ez da izango gaur bozkalekuetan. Ezta EAE-ANVren 133 zerrendarenik ere, tartean batzar nagusietarako eta Nafarroako legebiltzarreko hautagaienak. Aurrenei erroldatzen ere ez zioten utzi Auzitegi Gorenak, bigarrenen hauteskunde zerrendak atzera bota zituzten aurkeztu bezain pronto, eta hirugarrenak legez kanpo utzi zituzten.
Legeak onartutako gainerako hautagaiak izango dira, usadioari jarraituz gero behintzat, gaur botoa ematera joango diren goiztiarrenak. Gogoeta egunean atseden hartu, familiarekin egon eta mendi bueltaren bat egin, bizikletan ibili edo pala partidaren bat jokatzeko aprobetxatu zuten euretako askok atzo, gaurko «egun luzerako behar bezala prestatzeko».
Eurentzat ez ezik, hauteskunde mahaietan egongo diren presidente, bokal eta ikuskatzaileentzat ere egun luzea izango da gaurkoa, bozkalekuak zabaldu aurretik, goizean goiz hasi, eta haiek itxi ostean ere berandu samarrera arte han egongo beharko baitute. Derrigortuta daude horretara, gainera: Espainiako Barne ministerioaren araudiaren arabera, gaur hauteskunde mahaian egotea tokatu eta agertzen ez direnek 14 eta 30 egun bitarteko askatasun-gabeko zigorra izango dute, eta hiru eta hamar hilabetera arteko isuna.
Guztira 1.171 bozkaleku zabalduko dituzte gaur Hego Euskal Herrian, eta botoa emateko 3.690 mahai egongo dira jarrita. Mahai bakoitzeko kide guztiek uneoro egon beharko dute presente, beraz, pertsona bat botoa ematen ari denean.Hala exijitzen du Espainiako Barne Ministerioaren araudiak.
«ZAINTZA ZORROTZA». Araudi horrek nortasun agiriarekin edo gidatzeko baimenarekin bozkatzea ere exijitzen du, baina jakina da botoa ematera EHNArekin joateko deia egin dutela Udalbiltzak, Bai Euskal Herriari ekimenak, EAE-ANVk eta Askatasunak, besteak beste. Hori «kosta ala kosta» eragozteko prest agertu da Vicente Ripa Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak. Foru erkidegoko bozkalekuetan EHNArekin bozkatzerik ez duela onartuko ohartarazi du, eta legez kanpo gelditu diren zerrenden EAE-ANVren botopaperik ere ez.
«Legeak eskatzen duen dokumentazioa ez den beste paperen batekin agertzen direnek ez dute hauteskundeen funtzionamendu normala eragoztea beste helbururik, eta horien aurrean Poliziari behar den moduan jokatzeko eskatuko diogu», horiek izan dira Riparen hitzak.<\d> Gaurko hauteskunde eguna zaintzen Nafarroan 1.500 polizia izango direla ere aurreratu du. Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren poliziak izango dira, eta horiez gain, herri bakoitzeko udaltzaingoak ere ariko dira lan horretan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 5.000 ertzain egongo dira bozkalekuak zaintzen, leku bakoitzeko udaltzainekin batera.
Izan ere, orain lau urte bezala, aurtengo hauteskundeetan ere ezker abertzaleko zerrendak legez kanpo uzteak areagotu egin du tentsioa. Kanpainan zehar etengabeak izan dira «hauteskunde iruzurren» kontrako protestak. Guardia Zibilak, bestalde, EAE-ANVren ekitaldi batzuk eragotzi ditu, eta zenbait kale eraso ere izan dira, horietako bat hautagai baten kontra.
4. 000 KARGUTIK GORA. Gaurko hauteskundeetan Hego Euskal Herriko 4.000 kargutik gora aukeratuko dituzte herritarrek. Gehienak udalerrietako zinegotziak eta alkateak izango dira. Udal bakoitzean aukeratuko den zinegotzi kopurua bertako biztanle kopuruaren araberakoa da, baina kopuru horrek beti bakoitia izan beharko du, legeak hala agintzen duelako. Zinegotzi kopurua bikoitia ateratzen den tokietan, D'Hondt legearen arabera dagokion alderdiak jarriko du beste zinegotzi bat.
Alderdi politiko edo hauteskunde zerrenda bakoitzak (legez onartutakoek) lortutako zinegotzi bakoitzeko 273,78 euro jasoko ditu, eta jasotako boto bakoitzeko 51 zentimo, beti ere udalean gutxienez aulki bat lortzen badute. Hauteskundeen emaitza ofizialki onartu ostean jasoko dute diru hori.
Zinegotziez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideak ere aukeratuko dira gaurko hauteskundeetan, zehazki, 51na kide. Nafarroako legebiltzarkideak ere aukeratuko dira.
Emaitzak 23:00 aldera jakingo dira. Ordurako, hauteskunde gaua pasatzeko aukeratutako tokietan egongo dira alderdi guztietako kideak, zain. EAJk Sabin Etxean izango du ekitaldi nagusia; PSE-EEkoak EAEko hiru hiruburutan batuko dira, tartean Gasteizko Canciller Ayala hotelean; EAkoak Gasteizko San Prudentzio kalean duten egoitzan, eta EB-Aralarkoak Bilboko Abando hotelean. Gainerako alderdiek Iruñea aukeratu dute hauteskunde gaua pasatzeko: PSN euren egoitza nagusian, EAE-ANVk San Fermin peñan, Nafarroa Baik 3 Reyes hotelean, eta UPNk Iruña Park hotelean. Batasuna ere Iruñean izango da.
Datuak
Botoa emateko eskubidea. Hego Euskal Herrian 2.263.788 herritarrek izango dute gaur botoa emateko eskubidea. Horietatik 65.381ek aurrenekoz emango dute botoa, 18 urte bete dituztenetik aurreneko hauteskundeak izango direlako.
Hauteslekuak. 1.171 bozkaleku prestatu dituzte.
Mahaiak. 3.690 mahai jarriko dituzte.
Zaintza. Bozkalekuak zaintzen 6.500 poliziatik gora egongo dira. Horietatik 1.500 Guardia Zibilarenak eta Espainiako Poliziarenak izango dira, Nafarroan. Gainerako 5.000ak Ertzainak izango dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Herri bakoitzeko udaltzainak ere egongo dira.
M-27. Hauteskundeak
Nafarroan igo egin da parte-hartzea
Aldiz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duela 4 urte baino txikiagoa izan da 18:00ak arte bozkatzera joan dens herritarren ehunekoa. Guztira bi milioitik gora herritarrek dute botoa emateko aukera. Zerrenden baliogabetzeak eta horren inguruko protestak ari dira gaurko udal eta foru hauteskunde eguna markatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu