GIZARTEA

Nafarroan, menpekotasuna dutenen zaintzaileen %25 kontraturik gabe ari dira lanean

Zaintza lanei buruzko inkesta aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, eta laguntza berriak iragarri ditu, sektorearen prekarizazioa arintzeko.

Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari Patxi Tuñon eta Pertsonen Autonomiaren Nafarroako Agentziako buru Ines Frances, gaurko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2018ko apirilaren 5a
07:23
Entzun

Nafarroan, menpekotasuna duten pertsonen %45ek langile bat kontratazen dute, zaintza lanez arduratzeko. Gero eta menpekotasun handiagoa, orduan eta gehiagok jotzen dute aukera horretara: menpekotasun arina dutenen %33,8k, menpekotasun larria dutenen %41 eta menpekotasun osoa dutenen %50,7. Nafarroako Gobernuaren Errealitate Sozialaren Behatokiak eman ditu datuok, zaintza lanei buruzko inkestaren aurkezpenean.

Zaintzaile horien kopuruari buruzko datuak emateaz gainera, langileen lan baldintzei ere erreparatu diete behatokiko zuzendari nagusi Patxi Tuñonek eta Autonomia eta Pertsonen Garapeneko Nafarroako Agentziako zuzendari Ines Francesek.

Azaldu dutenez, menpekotasuna duten pertsonak zaintzeaz arduratzen direnen %25,7 kontraturik gabe ari dira lanean Nafarroan. Horrez gain, menpekoen %64,7k pertsona bat kontratatzen dute, %4k enpresa baten zerbitzuak kontratatzen dituzte, eta %5,5ek ez dute erantzun nahi izan. "Datu horrek agerian uzten du itzalpeko ekonomiak presentzia handia duela sektore honetan", esan du Tuñonek. Kasu honetan ere, menpekotasun mailak gora egin ahala, gora egiten du ere kontratu kopuruak: menpekotasun osoa dutenen %72k sinatu dute kontratua.

Soldatei dagokionez, inkesta egin dutenen artean, %20 inguruk 801 eta 900 euro artean ordaintzen diete zaintzaileei hilean; %14k, 901 eta 1.000 euro artean; eta %11,4k, berriz, 1.001 eta 1.200 euro artean. Inkestaren arabera, gero eta lanordu gehiago kontratatu, orduan eta soldata makurragoak ordaintzen dituzte, gainera.

Laguntza berriak, langileak kontratatzeko

Sektorearen egoera prekarioari aurre egiteko, diru laguntza berriak eskainiko ditu Nafarroako Gobernuak. Ines Francesen esanetan, hiru helburu nagusi ditu laukoak: "Sektorean enplegua sustatzea, itzalpeko ekonomiari aurre eginez; kalitatezko zaintza profesionala eta kualifikatua eskaintzea; eta menpekotasuna duten pertsonei etxean bizitzen segitzeko aukera bermatzea".

Hala, laguntza ekonomikoak eskainiko dizkiete menpekotasun egoeran diren pertsonen familiei, zaintzaile akreditatuak kontrata ditzaten. Horretarako, gaitasun profesionala ziurtatu beharko dute langileek. Behin-behineko ziurtagiriak ere emanen dituzte, gaitasuna edota lan eskarmentua akreditatzeko bidean direnentzat. 2022ko abenduaren 31ra arte indarrean izanen dira behin-behineko baimen horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.