Nafarroan torturaren aurka ekimen zabal bat hasi dute hainbat eragilek

EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak konpromisoa dute hurrengo asteetan osoko bilkuretan mozioak aurkeztu eta babestekoInkomunikazioa indargabetzeko proposamen bat aurkeztuko du NaBaik Parlamentuan

joxerra senar
Iruñea
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Torturaren gaia eztabaida publikora atera nahi dute Nafarroako hainbat eragile politikok, sindikalek eta sozialek. 2010eko irailaz geroztik, inkomunikazio aldian torturatu egin dituztela salatu dute hamazazpi nafarrek. Bereziki, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz abenduaren 16ko zein urtarrilaren 18ko operazioetan izandako tortura salaketek eragin dute kezka. Hala, Eusko Alkartasunak, ezker abertzaleak eta Aralarrek konpromiso bat hartu dute: otsailean, ordezkaritza politikoa duten Nafarroako udal guztietan mozioak aurkeztuko dituzte, besteak beste tortura saihesteko protokoloa ezartzeko eskatzeko. Mozio gehienak hurrengo astean aurkeztu eta bozkatuko dituzte osoko bilkuretan. Era berean, Nafarroa Baik, legez besteko proposamen batean bidez, «terrorismoaren aurkako legea» zein inkomunikazioa indargabetzeko eskatuko du Parlamentuan, torturatzeko aukera ematen baitute.

Hala ere, hiru alderdiotatik haratago doan ekimen bat da. Gizarte eragileen artean, Lokarrik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Herria 2000 Elizak, Ikasle Abertzaleek eta Torturaren Aurkako Taldeak babestu dute ekimena, eta are talde gehiagoren atxikimendua biltzen ari dira. Sindikatuen artean, LABek, EILASek eta ESK-k ere oniritzia eman diote ekimenari. ELAri ere proposamenaren berri eman diote, eta gainontzeko sindikatuekin gauza bera egiteko asmoa dute. Alderdien kasuan, bilerak egin dituzte Nafarroako Ezker Batuarekin eta Batzarrerekin, eta PSNri ekimenaren berri emateko bilera egitea eskatu diote.

Torturaren gainean fokua

«Fokua azken polizia operazioetan izan diren tortura salaketa ugarien gainean jartzea» da sustatzaile guztien helburua. Eragileon arabera, azken salaketek agerian utzi dute torturaren zantzuak daudela, eta, horregatik, erantzukizunak exijitze aldera ikerketan sakontzeko beharra dagoela azpimarratu dute. Salaketa egiteaz gain, etorkizunean atxilotzen dituzten pertsonak torturatzea «de facto galaraztea» eta neurri politikoak bultzatzea da beste helburua.

Udaletan aurkeztuko dituzten mozioetan, Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu dituzten herritarrek salatutako tratu txarren eta torturen testigantza ikusita, «ikerketa sakona eta egiaztagarria» egiteko eskatuko dute. Era berean, Euskal Herriko Torturaren Aurkako Taldeakgiza eskubideen alde lanean ari diren nazioarteko hainbat erakunderekin batera tortura ezabatzeko eginiko hamar puntuko aldarrikapenekin bat egitea jasotzen du mozioak.

Hauexek dira hamar eskaerak: «Inkomunikazioa amaitzea eta hura onartzen duten arauak desagertzea»; atxilotuen eskubideak murrizten dituzten arauak desagertzea; Auzitegi Nazionalaren eskumenak desagertzea; atxilotu guztiek konfiantzazko medikuaren bisita pribatua edukitzeko eskubidea izatea; atxiloketa aldi guztia bideoz eta soinuz grabatzea eta grabazioak abokatuen esku uztea; atxilotuek izendatutako abokatua izateko eta harekin elkarrizketa izateko aukera izatea; egungo tortura kasuak zein iraganekoak «era eraginkorrean» ikertzea; tortura delitua preskribaezin bihurtzea; torturapean lortutako deklarazioetan oinarritutako epaiketak baliogabetzea; torturatu guztiek beharrezkoa duten laguntza medikoa, juridikoa eta psikologikoa jasotzen dutela bermatzea.

Arlo politikotik harago, hala sindikatuak nola gizarte taldeak ekimen gehiago prestatzen ari dira hurrengo asteetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.