Nafarroako hondakinak kudeatzeko plana «errauste planta inposatzeko tresna» dela uste du ELA sindikatuak, «ez hondakinen kudeaketa arduratsu bat ezartzeko tresna». Horregatik, hondakinak modu arduratsuago eta egokiagoan kudea daitezkeela iritzita, kudeaketa plana geldiarazteko eta «Nafarroaren benetako garapen iraunkorra bideratuko duten» neurriak hartzeko eskatu du sindikatuak. Zehatzago esanda, errauste planta «behin betiko» baztertzeko, eta zero zabor politika ezartzeko Nafarroan.
Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Horrek izan behar du «printzipio bakarra» hondakinen kudeaketan, ELA sindikatuko Mitxel Lakuntza eta Ainara Plazaolaren esanetan; eta Nafarroako hondakinen planak kontrakoa sustatzen duela salatu dute. Birziklatu badaiteke, zergatik erre? txostena aurkeztu zuten atzo Lakuntzak eta Plazaolak; Nafarroako hondakinen kudeaketa planaren azterketa zorrotz eta kritikoa egin du ELAk zortzi orrialdeko txostenean.
Nafarroan hondakinen kudeaketa «tamalgarria» da, ELAren esanetan. Zenbait datu eman ditu, argudioa arrazoitzeko: 1996tik 2008ra bitartean, %45 handitu zen hiri hondakinen kopurua; 2008an, hiri hondakinen %31 «soilik» birziklatu ziren; herrialdeko udalerri batzuetan ez dago, «oraindik», plastikoa bereizita biltzeko modurik; eta apenas dagoen materia organikoa bereizita biltzeko modurik eta tratamendurik —Montejurrako mankomunitateak jasotzen du, eta konposta egiten; Erriberako mankomunitateak ere biltzen du organikoa bereizita, biometanizatzeko—.
«Hiri hondakinak kudeatzeko irtenbide egokia bilketa sistema egokia ezartzean hasten da», ELAren ustez. Hondakinak nola biltzen diren, horrek baldintzatuko duela ondorengo tratamendua. Planak kontrakoa egiten duela salatu du ELAk: hondakinak erraustearen alde egin, eta bilketa selektiboa indartzeko neurririk ez duela proposatzen: «Planak aipatzen du organikoa bereizita biltzearen beharra, eta aitortzen du bosgarren edukiontzia ez dela eraginkorra. Baina ez du alternatibarik planteatzen». Beste adibide bat eman du sindikatuak: materia organikoa bereizita biltzeari eta konposta egiteari utzi behar dio Montejurrako mankomunitateak, planaren arabera.
Nafarroako hondakinen kudeaketa planak «ez du birziklapena areagotuko», ondorioztatu dute Lakuntzak eta Plazaolak, eta arrazoia zein izan daitekeen seinalatu dute: «Errauste plantak beharrezko du materia organikoa, energia berriztagarri gisa saltzeko». Hondakinak erretzen badira murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen printzipioen kontra egiten dela uste dute. «Ez zaie komeni gaur egun birziklatzen dena baino gehiago egitea, horrela ez bailukete nahikoa hondakin izango erretzeko».
Hondakinen planaren aukera hiri hondakinen %48 eta hondakin industrialen %30 erretzea da. Guztira, 261.000 tona hondakin erreko lirateke urtero Nafarroako errauste plantan, energia sortzeko.
Errausketa ez dela arriskurik gabeko jarduera oroitarazi du sindikatuak. «Kutsatzaile toxikoak sortzen dira: dioxinak, furanoak, merkurioa, beruna, metal astunak, gas azidoak...». Osasunean eta ingurumenean «ondorio larriak» sor ditzakete kutsatzaile horiek, ELAren hitzetan.
Errauste planta baztertzeko beste arrazoi batzuk ere plazaratu ditu sindikatuak: garestia izango dela, berotegi efektuko gas igorpenak handituko dituela, ziklo konbinatuko zentralek baino gehiago kutsatuko dutela, sortuko duen energia ez dela «garbia» izango... Gainera, erre osteko hondakin toxikoak biltzeko segurtasunezko zabortegiak beharko direla ere nabarmendu du. Eta errauste plantak hondakinen politika 50 urtez «hipotekatuko» duela salatu du: «Onura aterako duten bakarrak errauste plantekin eta bertan sortutako energia berriztagarriekin negozioa egiten duten enpresa handiak dira». Hondakinak erraustuz, gainera, ez dira Europako Batasunak ezarritako zuzentarauak betetzen, Lakuntza eta Plazaolak diotenez.
Bilketa selektiboan gakoa
Hondakinen kudeaketarako gakoa bilketa selektiboan dagoela iritzita, bilketa moduak aztertu ditu ELAk. Lau edukiontzien sistemarekin —kaleko edukiontzietan papera, beira, plastikoa eta errefusa biltzen dira—, %31 birziklatu zen 2008an. Bost edukiontzien sistemarekin —materia organikoa bereizita biltzeko da bosgarren edukiontzia; baina horretan parte hartzea borondatezkoa da—, Gipuzkoan %35era iritsi da bilketa selektiboa. Atez ateko hondakinen bilketak uzten dituen emaitzak azaltzeko, azaldu du Usurbilen (Gipuzkoa) %82koa dela bilketa selektiboa eta San Frantziskon (AEB), %70ekoa.
Ondorioz, atez atekoa edo antzeko eraginkortasuna duen hondakinen bilketa selektiboak indartzeko eta etxeko konposta bultzatzeko eskatu du ELAk.
Nafarroan zero zabor politika ezarri eta errauste planta uzteko eskatu du ELAk
Birziklatze mailak handitzeko, atez atekoa edo antzeko bilketa «sistema eraginkorrak» bultzatzea proposatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu