Basaizea elkarteak Baigorrin urtero antolatzen duen Nafarroaren Egunarekin bat egingo du Aralarrek aurtengo Aberri Egunean. Donostian, Rebeka Ubera antolamendu idazkariak eta Jon Abril koordinatzaileordeak azpimarratu dute «Euskal Herriko gizartea askotarikoa den bezala» Aberri Egunak pertsona orori irekia egon behar duela, «abertzaleei zein abertzale ez direnei». Aralarren ustez, «aurten inoiz baino aukera gehiago zeuden» alderdi abertzale guztiek elkarrekin Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko. «Baina ez da posible izan, batzuek bere egin nahi izan dutelako urteetan gizarteko aniztasuna eta sentsibilitate desberdinak batu dituen festa». Independentista sarearen Gernikako deialdia izan du gogoan, beraz.
Aralarrek argudiatu du erabakitzeko eskubidea «demokrata guztien elkargunea» dela. «Aralar alderdi independentista da, baina independentista ez direnekin ere egin behar da herri hau: gutxieneko akordio nazionala, herri honek erabaki dezan», esan du, berriz, Jon Abrilek. Erabakitzeko eskubide hori Euskal Herriko hiru erabaki esparrutan garatu behar dela deritzo Aralarrek, «bakoitzaren errealitate eta indar-oreken araberako abiadura eta baldintzetan».
Aralarrek gaineratu du aurtengo Aberri Egunean bakea aldarrikatu behar dela: «ETAren behin betiko etena eta Frantzia eta Espainiako estatuek giza eskubideetan oinarrituta eskubide zibil eta politikoak errespeta ditzatela exijitzen dugu», arrazoitu du Abrilek. Aralarren arabera, euskal gizartearen «barne baketze sakona da premiarik larriena». Abrilen irudiko, «jazarpen, mehatxu eta gorroto guztiak gainditzeko lan egin behar da, elkarbizitzan oinarrituta». Aralarrekgogoan hartu ditu, era berean, gizartearen bestelako arazo eta kezkak, batez ere krisiak eragindakoak.
Ikurrinak leihoetan
Bai Euskal Herriari herri ekimenak, berriz, prentsa ohar baten bidez, aditzera eman du Aberri Egunean «alderdikeriak, interes politikoak eta protagonismo korporatiboak» albo batera utzi behar direla, eta, hala, Independentista sareak Baigorrin eta Gernikan antolatu dituen ekimenetan parte hartzera deitu du. Era berean, Euskal Herriko leiho guztietan ikurrina jartzeko deia egin du.
Besteak beste Euskal Herrian euskaraz bizitzeko, nortasun ikurrak errespetatuak izateko, ohitura eta usadioak ez galtzeko, hezkuntza sistema propioa izateko, kirol sistema propioa izateko eta herri gisa erritmo eta egutegiak zehazteko euskal estatua eraikitzeko beharra azaldu du herri ekimenak, «aniztasuna oinarri hartuta».
Nafarroaren Egunarekin bat egin du Aralarrek
Uberak salatu du batzuek bere egin nahi izan dutela «urteetan aniztasuna ordezkatu duen Aberri Eguna»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu