10:00ak pasatxoan, Nagore Laffageren ama Asun Casasola eta Irungo emakume taldeetako hainbat lagun udaletxeko balkoira atera dira, lepoan zapi morea jarrita. "Nagore, zure oroimenez" jartzen zuen pankarta zabaldu dute. Egun osoan egongo da pankarta han.
Udalak azaldu du egun honetan Laffage oroitzeaz gain elkartasuna azaldu nahi diotela familiari. Horregaitik, udaletxea argi morez piztuko da gauean. Gauza bera egingo dute Iruñeko Udalak ere, hango udaletxean. Izan ere, sanferminetan hil zuen Laffage Illanesek. Iruñean omenaldia egin zioten hilaren 2an. Han izan zen Jose Antonio Santano Irungo alkatea ere.
Laffageren ama pozik azaldu da gauzak aldatzen hasi direlako, salaketak kaleak hartzen hasi direlako. Nolanahi ere, egiteko asko dagoela ohartarazi du, eta indar horrek lanean jarraitu behar duela nabarmendu du: "Ez da posible gu biktma izatea eta, aldi berean, esaten dugun guztia zalantzan jarria izatea".