LURRIKARAK ITOITZ INGURUAN

Nagoreko eta Lizoaingo herritarrak, kezkatuta

Lurrikarak «ohiko» bilakatuko ote diren beldur dira herriotan

Erredakzioa
2004ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Lurra ez da gelditzen, eta herritarrak beldur dira. Atzoko mugimenduen ondoren, lurrikarak «ohiko» bilakatuko ote diren, hori da haien kezka nagusia. Irailaren 16tik, 180 lurrikara inguru izan dira Nafarroan, guztiak Lizoain eta Nagore inguruan.

Azken egunotako datuak dira egoeraren argigarri: hilaren 4an, hiru lurrikara; 5ean, beste lau; 6an hiru; eta atzo, lau. Lizoaingo 3,3 gradukoa eta Nagoreko 3,5ekoa izan ziren nagusiak. 08:16 aldera gertatu ziren, Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuenez.Bertakoek azaldu zutenez, «aurrekoek baino zarata handiagoa» egin zuten atzoko lur mugimenduek. Nafarroako Gobernuari Espainiako Geografia Institutuak eman zion lurrikaren berri. Ordurako, ordea, herritarren hamaika dei jaso zituzten Nafarroako larrialdi zerbitzuetan, lurra berriz ere dar-dar zela abisua emanez.Espainiako Sare Sismikoak «normaltzat» jo ditu Nafarroan azken boladan gertatu diren lurrikarak. Mugimenduak gehien pairatu dituzten herrietan, ordea, ez dira askorik fidatzen. Lizoainen, adibidez, hainbeste lurrikara segidan gertatu izana gogoratzen duenik ez dago.Mugimendu gehienak txikiak izan dira. Hilaren 18koa izan da, oraingoz, handiena, 4,6 gradukoa. Nafarroan inoiz gertatu den lurrikararik handiena izan da hori, hain zuzen ere. Ondoren gertatutakoak, haren ondorio besterik ez omen dira.Mugimendu handienaren ondorioz gertatu diren lurrikaren artean izan dira, atzokoen aurretik, 3 gradutik goitikoak; 3,8koa gertatu zen, adibidez, joan den irailaren 30ean.Lurrikara hark Lizoainen izan zuen erdigunea, eta han ez ezik, Iruñean bertan ere sumatu ahal izan zuten. Nafarrek, beraz, lasaitzeko aukerarik ez dute, lur mugimenduak bata bestearen atzetik gertatzen ari baitira herrialdean.

Etxebizitzetako arrailak, «gero eta handiagoak»

Lur mugimenduek beldurra eta kezka sortu dute herritarrengan. Haien etxebizitzetan, halaber, utzi dute arrastorik lurrikarek. Lizoainen, hain zuzen ere, 30etik goitik izan dituzte kalteak, batez ere hilaren 18ko lurrikararen ondorioz. Arrailak agertu zaizkie nonahi, herritarrek salatu dutenez.

Mugimenduak ez dira eten, eta, ondorioz, kalteak gero eta nabariagoak dira herriotan. Lizoainen etxebizitzetako arrailak «gero eta handiagoak» direla ezagutarazi dute hango biztanleek.Atzoko lurrikarek kalte berririk ez zutela eragin ezagutarazi zuen Nafarroako Gobernuak atzo, eta gauza bera erran zuen Lizoaingo alkate Amaia Ekisoainek. «Goizean, behintzat, ez zuen inork deitu jasandako kalteen berri emateko», alkateak erran zuenez.Kalte gehiagorik ez, baina herritarrentzat zaila izanen da lasaitasuna berreskuratzea. Irailaren 16tik, lurra ez baitago geldirik nafarren oinen azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.