Gizartea

Nahaste handia Ordiziako gazta lehiaketaren irabazleaz

Epaimahaiaren akats baten ondorioz, Santi Etxezarretari eman diote saria, baina Ricardo Remiro izan da garailea. Okerra zuzentzerako eginda zuten sari-ematea. Enkantean eraman duten gazta, baina, benetako irabazlearena zen.

2008ko irailaren 10a
16:18
Entzun
Akats baten ondorenak nahaste handia sortu du Ordizian (Gipuzkoa) gaurko gazta txapelketan. Izan ere, epaimahaiak Santi Etxezarreta (Olaberria, Gipuzkoa) jo du lehiaketako irabazle; baina ez zen honen gazta epaileek benetan saridun jo dutena, Ricardo Remirorena (Eulate, Nafarroa) baizik, goierrikohitza.info-k dioenez. Garailea zein izan den jakinaraztean egin du akats epaimahaiak.

Lehen dastaketak egin ondoren, hamalau gazta sailkatu dituzte azken txanparako, eta horien artean aukeratu dute saritua; ketutako gazta. Bozgorailuetatik Etxezarreta artzainaren izena eman dutenean, honek ketu gabeko gazta eraman duela argitu du, nahiz eta antolatzaileek hedabideei banatutako paperetan ketua zuela agertzen zen.

Okerra zuzentzerako, ordea, Etxezarretak garaikurra jasoa zuen -han ziren agintari denak-eta-, eta hedabideei elkarrizketak emanda zegoen. Antolatzaileek berriro egin behar izan dute sari-ematea, agintariak bilduz. Ekitaldia bukatuta zegoen dagoeneko.

Enkantean eraman duten gazta, baina, benetako irabazlearena zen: Remirorena. Tolosako (Gipuzkoa) Ezeiza etxeak egin du apusturik handiena eta berak eraman du gazta garailea, 6.700 euro ordainduta. Iazko marka hautsi dute Ordizian, 300 eurotan.

54 artzainek aurkeztu dituzte gaztak lehiaketara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.