"Nahi bada, ahal da"

Funtsean, berdinak izan ziren 2005eko eta atzoko saioak: Kongresua erabakitzeko eskubidearen aurka azaldu zen; PP eta PSOErentzat, estatu kontua da, eta borondaterik ez dute gatazka konpontzeko.

enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 9a
10:34
Entzun

Herri galdeketa bat baimentzea, azken beltzean, borondate politiko kontua delakoan, Joan Turullek (CiU) «nahi bada, ahal da» zioen atzo, Espainiako Kongresuko saioan. Alfredo Perez Rubalcabak (PSOE) ondoren, gauzak garbi jarri nahian: «Baina [Kataluniako independentziaren] prozesuko pauso bat da galdeketa. Aurka gaude».

2005eko urtarrilaren 1ean Kongresura Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako orduko lehendakaria EAEko Estatutu berria defenditzera joan aurreko egunetan Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente ohiak hitz egin zuen garbi. «Estatutu deitu diote, beste izen bat ezin ziotelako eman. Berrikuntzak egiteko legedi barrutik sartu nahi izanez gero, bide horretatik segitu behar da. Hor ez dago hainbeste eskumen... Hor kontua da herri hau herri gisa aitortzea, eta autodeterminazioa».

Hala, joan zen Ibarretxe Madrilera Estatutu berriko 69 artikuluekin batera, eserarazi zuten Soraya Saenz de Santamaria PPko diputatu eta egungo gobernuburuordearen aulkian —goialdean, atzo katalanak bezala—, igo zen atrilera, eta esan zezakeen gehiena esan zuen: «Euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula esatera etorri naiz». Baina, orain katalanei bezala, ezezkoa Kongresuak.

Rubalcabak ere bai baitaki erabaki eskubideak zer arrisku daukan, atzo zioenez: «Eskubidea behin eta berriz erabiltzen dute, ospa egitea lortu arte».

PSOEk 2005ean ikusi zuen hori, eta keinuak egin zizkion Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak Ibarretxeri, hitzaldiaren hasieran eta bukaeran esaldi bera botaz: «Elkarrekin bizi behar badugu, elkarrekin erabaki behar dugu». Atzo ere helarazi zizkieten antzeko esaldiak katalanei. Mariano Rajoy (PP) presidenteak: «Elkarrekin bagara, guztiok irabazten dugu; bereizita, guztiok galtzen dugu», «batera bizi, eta bakean, eta horri konstituzioa deitu genion». Ibarretxek izan zuen erantzunik duela bederatzi urte: kontua ez dela elkarrekin erabakitzea, baizik eta elkarrekin bizi nahi den deliberatzea.

Zapatero eta Rajoy, berdin

2005eko saioan eta atzokoan PPk eta PSOEk irmo zioten ez EAE eta ez Katalunia ez direla subjektu politiko eta juridiko burujabeak. «Ganbera hau da Espainiaren herri subiranotasunaren egoitza», adierazi zuen Zapaterok, baita Eusko Legebiltzarrak «proposamen eskubidea» baino ez duela ere. Rajoyk atzo aitortu zuen «poztu» egin zela Kataluniako Parlamentuko ordezkariak «herri subiranotasunaren egoitzara» joan izanagatik —Zapateroren hitz berak—, baina ez zion aterik ireki elkarrizketari. «Akordio bat eskaini digute [katalanek], eta akordioa guk euren proposamenari baiezkoa ematean datza». 2005ean esanak: «Ibarretxe jauna, zuek ez duzue eztabaida bilatzen; zuek amore ematea bilatzen duzue», edota Eusko Legebiltzarrak Estatutu berri baterako proposamena onartzea Barakaldoko Udalak Bizkaiko aurrekontuak onartzea bezala dela.

Espainiako Gobernuko presidentea prest azaldu zen Artur Masekin —«estatuaren ordezkaria Katalunian»— baita 500 kafe hartzeko ere, baina ohartarazi zuen konstituziotik kanpo dagoen ezer ezingo luketela adostu.

2011ko abuztua. Zapaterok Kongresuaren ezohiko saiora deitu zuen. Gaia: krisiaren aurkako neurriak hartzea. Baina hasi zen hura hizketan eta konstituzioak ez dakarren neurri bat proposatu zuen: estatuak bere baitako administrazioetako defizit publikoari muga jartzea. Azkar erantzun zion Rajoyk: PP ados zegoela. Rubalcabak: «Bart konbentzitu nau Zapaterok». Irailaren 27an desegin behar zuen presidenteak Kongresua azaroko bozengatik, eta, beraz, konstituzio aldaketa premiazko bidetik eta erreferendumik gabe egitea adostu zuen ganberaren gehiengoak. Turullek bazioen atzo: «Nahi bada, ahal da».

Baina Katalunian herritarren artean demokratikoki loteslea ez den galdeketa bat egitea, «ez da posible. Hori posible ez egiteko moduan idatzi zen konstituzioa», Rajoyren arabera. «Legerik gabe demokraziarik ez dago».

39 minutuz mintzatu zen gobernuburua. Orain bederatzi urteko saioan Zapatero baino luzeago aritu zen —atzo oposizioburu Rubalcaba, Rajoy baino bi minutu gutxiagoz—. 18. minuturako, ordea, esan beharrekoak esanda zegoen Rajoy: «Hemen buka nezake gaurko hitzaldia». Baina segitu egin zuen. «Eta ez iezaidazue Eskoziaz hitz egin». Historiako gaiak atera zituen orduan. Edo: «Katalunia independente bat Robinson Crusoeren irla litzateke». Vicente Martinez Pujalte PPko diputatua aharrausika zen.

Kataluniako Parlamentuaren ordezkari Turull, Marta Rovira (ERC) eta Joan Herreraren (ICV), eta Rubalcabaren hitzaldiak arretaz jarraitu zituen presidenteak. Besteenak, ez hainbeste. Kasu, Izquierda Pluraleko eledunak bere hitzaldia eten egin zuen, «Rajoy eta Saenz de Santamaria telefonoz hizketan ari baitira».

Izquierda Pluralen (IU, ICV eta alderdi ezkertiar eta ekologistak) baitan egon zen detaile bat aipatzeko modukoa: Cayo Lara (IU) bozeramaileak ez zuen hitz egin, Joan Coscubielak (ICV) baizik. Taldeak galdeketaren alde hitz egin eta bozkatu behar zuenez, akaso halako plaza baterako gai labainkorra zen Espainiako datozen hauteskundeetako Izquierda Pluralen balizko zerrendaburuarentzako. 2005ean, EAEko Estatutu berriari buruzko saioan, IUtik orduko lider Gaspar Llamazares aritu zen, aho bilorik gabe: «[Ibarretxe] Plana ez dago heldua eta euskal gizartearen gehiengoaren babesik ez du». Kontrako botoa.

Konpondu gabe

Orain bederatzi urte 23:45ak pasatxo egin zuten bozketa. Manuel Marin Kongresuko Mahaiko presidenteak hemizikloa uzteko esan zion Ibarretxeri. Ganberako protokolo arduradunak harentzat gela bat zeukan prestatuta, bozketa telebistaz jarrai zezan. Ibarretxek Kongresua uztea erabaki zuen. Hurrengo egunean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu zituen.

Mas ez zen Madrilgo ganberan izan. Generalitateko bulego batetik segitu zuen saioa. Egin zuten bozketa Madrilen —22:52an—, eta Kataluniako presidenteak adierazpen instituzionala plazaratu zuen berehala: prozesuak aurrera jarraitzen duela. Katalanek nahi dutelako. Zapaterok iragarri zuen: «Gaurko saioak eztabaida itxi du baina konpondu ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.