Juan Pedro Azkoaga

"Nahi izanez gero, C hepatitisa erabat desagerraraz liteke"

Sovaldi tratamendu eraginkorra paziente guztiei ematea exijitzen ari diren gaixoetako bat da Azkoaga. Berak jaso du, eta handia izan da hobekuntza. Orain, besteei ere ematea nahi du.

Duela 30 urte baino gehiago hartu zuen gaixotasuna Juan Pedro Azkoagak. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2015eko urtarrilaren 23a
12:13
Entzun

Mahai gainean izan zuen sakelako telefonoa Juan Pedro Azkoagak (Arrasate, Gipuzkoa, 1948), elkarrizketak iraun zuen bitartean, joan den astean. Nafarroako Ospitale Gunean itxialdia egiten ari ziren kideen berrien zain zegoen, zurrumurruak baitzeuden une batetik bestera kanporatuko zituztela. Azkenean, galdera-erantzunen artean jo zuen telefonoak. "Foruzainak gunetik ateratzen ari dira C hepatitisa duten gaixoak". Hala esan zion ahots batek hariaren bestaldean. Ez zuen etsipenik agertu. Aitzitik, borrokan jarraituko baitute, administrazioak "tratamendua emateko konpromisoa sinatuta aurkezten ez duen bitartean".

C hepatitis gaitza duten milaka pertsonetako bat da Azkoaga; eritasunaren fase ertainean dago. Dioenez, duela 30 urte baino gehiago hartu zuen gaixotasuna, baina ez daki nola kutsatu zen, eta, haren esanetan, medikuek ere ez dakite. Badu susmorik, hala ere: "Garai hartan, bidaia luzeak egiten nituen, Amazonas ibaira, Indiara, Marokora... Mediku batek esan zidan ziurrenik halakoren batean hartuko nuela, gaixotasuna oso garatua baitago leku horietan, baina ez dakit ziur".

Duela hiru hamarkada jakin zuen gaitza zeukala, baina baliteke aurretik ere izatea: "Nabaritzen ez denez, eta sintomarik ez duenez, gaixotasuna izan dezakezu, jakin gabe. Are gehiago, esaten dutenarengatik, kutsatuta daudenen %60k ez dakite gaixotasuna dutenik ere". Jakinda baina "ezer sentitu gabe" pasatu ditu Azkoagak urte gehienak, eritasuna diagnostikatu ziotenetik. Orain dela bost-sei urte hasi ziren zailtasunak, gau batean odola botaka hasi zenean. Hestegorrian arazoak zituela esan zioten. Gerora, "proba pila baten ondoren", zirrosia zuela, eta gibel transplantea zela bere "aukera bakarra". Zortzi hilabete egon zen itxaron zerrendan, organo berria iritsi arte. Transplantea eginda, "geroztik ondo" dagoela dio, baina, C hepatitisa ez denez odoletik desagertzen, berehala kutsatu zuen gibel berria ere.

Sovaldi, denentzat

Azken bost asteetan Sovaldi medikamentua hartu du Azkoagak, eta ikaragarritzat jo du denbora gutxian izandako hobekuntza. Sendagaia hartu eta hiru astera egin zituen lehen analisiak, eta birusak gorputzean duen presentzia aztertzean, esan zioten zortzi milioi unitatetik 55era pasatu zirela. Aurki egin beharko ditu analisi berriak, eta ordurako "karga birala erabat desagertuta egotea" espero du. "Horrek esango luke nire gorputzetik desagertuta dagoela birusa. Gero, sei hilabetera, birusa oraindik detektaezina den ikusi beharko genuke, eta hala bada, desagertu egin dela esan ahalko genuke". Alegia, gaixotasuna sendatuta dagoela.

Hain zuzen ere, Sovaldin oinarritutako tratamenduak duen arrakastak bultzatu ditu C hepatitisa duten gaixoak protestak egitera. Eritasuna duten pertsona guztiei sendagaia ematea eskatzen dute, gaur-gaurkoz gutxi baitira tratamendua jasotzen dutenak. Azkoaga da horietako bat, baina ez daki ongi zergatik hartzen duen: "Medikuari galdetu nion ea larri nengoen, eta ezetz esan zidan. Beraz, ez dakit ziur zergatik hartzen dudan, okerrago dauden batzuek ere ez baitute jasotzen".

Sendagaiaren salneurria dago arazoaren muinean. Ekoizten duen enpresak 65.000 euroko prezioa jarri zion hasiera batean tratamendu bakoitzari. Orain, Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioen ostean, 25.000 eurokoa da kostua, paziente bakoitzeko. Laborategiek arazoarekin negozioa egin nahi dutela uste du Azkoagak. Indian, besteak beste, tratamenduaren salneurria 700 eurokoa dela gogorarazi du. Baina ez da bakarrik enpresen arazoa; administrazioan ere jarri du lupa, zuzenean: "Ekonomikoki tratamendua gaixoei ematea posible da. Beste gauza batzuetan barra-barra gastatzen dute dirua".

Transplanteak, garestiago

Argi du sendagaia "oso garesti saltzen" dutela, baina, dioenez, "garestiagoa da transplante bat egin eta gero mantentzea". Hainbat medikuk ere pazienteei tratamendua ukatu dietela dio: "Gure elkarteko kide bati medikuak zuzenean esan dio ez diola tratamendurik jarriko, oso garestia delako. Mediku batzuk tratamendua haiek ordainduko balute bezala ari dira jokatzen".

Egoerak ezinegona sortu du gaixoen artean. Gaitza senda dezakeen medikamentua dagoela ikusten dute, baina gehienek ezin dute hartu. "Batzuk oso haserre daude, beste batzuk oso larrituta, eta hainbatek arriskuan ikusten du bere bizia". Horregatik egin dituzte protestak azken egunetan. Tartean, Nafarroako Ospitale Guneko itxialdia. Gobernuko ordezkarien erantzunak ez ditu erabat ase. Medikuek hala agindu dieten gaixo guztiek tratamendua jasoko dutela esan du administrazioak. "Hitz hutsak" dira horiek Azkoagaren ustez. "Ikusi beharko da gero zer gertatuko den".

Gehiago nahi dute gaixoek: "Ongi antolatutako plan bat behar dugu, gaixo guztiek tratamendua jaso dezaten. Nahi izanez gero, C hepatitisa mundu osoan desagerraraz daiteke urte gutxian, nafarreri edo polioarekin egin zuten bezala". Baikorra da, edonola ere: "Izan ere, azkenean gaixo guztiei eman beharko digute tratamendua. Ez dute besterik".

Bitartean, ikastetxez ikastetxeko lanarekin jarraituko du. Organo dohaintzaren inguruko hitzaldiak ematen ditu gazteen artean, horren garrantziaz ohartarazteko. Dohaintza "zentzu komunekoa" dela dio, "organoa jaso baino lehen hiltzen diren gaixoak" daudela kontuan hartuta. "Hildako batek zazpi organo eman ditzake; beraz, zazpi bizitza salbatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.