«Nahiko nuke unibertsitateek gehiago hartzea aintzat UEU»

Historialaria da, eta, ikertzaile gisara, sakon aztertu du euskal komunitate zientifikoa. Mundu horren berri izateko talaia primerakoa izan du beti UEU, eta, orain, talaia horretan, konpromiso apartekoa hartu du: Karmele Artetxe UEUko zuzendaria da.

arantxa iraola
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Ikasle zenetik UEU Udako Euskal Unibertsitateari atxikia, UEUko zuzendaritza hartzeko erronkari baiezkoa eman dio Karmele Artetxek (Zamudio, 1976). Nahitasun apartekoa dio erakundeari, 1970eko hamarkadaren hasieratik euskarazko unibertsitatearen alde irabazi asmorik gabe diharduen ikertzaile, irakasle, ikasle eta profesional taldeari. Kultura «merkantilizatuta» dagoen garaiotan, aparteko garrantzia ematen dio jardun horri. UEUk bere erreferentzialtasuna indartzen jarraitzea du helburu: «Gustatuko litzaidake, unibertsitatean hasten direnek, ikasketak bukatzerako gutxienez, UEUren berri izatea».

Krisiari erreferentzia egin diozu zuzendari kargua hartu orduko. Egoera ekonomikoak eragotz dezake UEUren jarduna?

Bai, bai, eragingo digu. Krisiak hasiera batean finantza alorrekoa ematen zuen, goi kapetakoa, baina azken finean, administrazio publikoak gutxiago jaso duen neurrian, gutxitu egin da bai politika sozialetan, bai kultur politiketan eman dezakeena. Guk jadanik zenbait partida gutxituta ikusi ditugu. Argi dagoena da, honek honela jarraitzen badu, UEUren egitura apur bat egokitu egin beharko dugula. Ez dakigu oraindik nola; hausnartzen ari gara.

UEUren xedeetako bat da Euskal Unibertsitatea sortzea. 2010-11ko ikasturtean martxan jarriko zela esan zen , zortzi titulaziorekin. Zertan da?

UEUk Euskal Unibertsitatea sortzen laguntzea du helburu, eta horretan bidelagun batzuk hartu ditu azken urte hauetan, Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioan elkartuak. Hainbat elkarteren indar metaketa bat da, eta guk bertan egin duguna da Euskal Unibertsitatearen definizio akademikoa landu. Hori eginda dago, fundazioaren esku; besterik ezin dut esan gai horri buruz. Fundazioak berak eman behar du horren berri.

UEUk, egun, ikastaroez eta argitalpen alorreko emari joriaz gain, zer gehiago eskaini behar du zure ustez?

UEUk unibertsitate guztietan dauden unibertsitario euskaldunak egituratu ditzake, berdin da zer unibertsitatetan dauden eta UEUrekin ikastaroak izan dituzten ala ez. Nik uste dut unibertsitario euskaldunak asko garela baina oso sakabanatuta gaudela, eta UEUk hor badu lotura egiteko lan bat, bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo. Unibertsitatea.net gunearen moduko proiektuen asmoa hori izan da.

Ikastaroen eskaintza eta argitalpenen eremua. Biak dira, noski, oso garrantzitsuak egitekohorretan aurrera egiteko...

Bai, eta, niretzat, sarean egiten diren egitasmoak oso garrantzitsuak dira komunitate hori biltzeko. Sareko proiektuetan errazagoa da komunitate hori biltzea, edo feed-back hori biltzea kideen artean... Unibertsitatea.net, Inguma eta beste hainbat proiektutan horretan saiatzen gara. Ingumak, adibidez, euskaraz produzitu dena bildu, eta erreferentzialtasun bat sortzen du jendeak jakiteko zer dagoen. Eta hori garrantzitsua da, zeren erreferentzialtasunik gabe oso zaila da beste ezer sortzea, bereziki alor akademikoan.

1.200 bazkide inguru ditu UEUk. Zenbateraino daude artikulatuta erakundearen inguruan?

1.200 bazkide asko dira, eta egia esateko, berez, badago sektore bat bere ekarpena atxikimendu jakin batera mugatzen duena, eta badira beste bazkide batzuk oso aktiboak. Egia da orain jendeak, oro har, gutxiago parte hartzen duela gauzetan, eta kosta egiten zaigu... Hala ere, bada jende asko oso aktiboa, gauza pila bat antolatzen dituena.

Hortxe dago, adibidez, UEUren 'Uztaro' aldizkaria, 20 urte bete berri dituena...

Aldizkari hori eusten dutenak dira erredakzio taldea eta egileak, egiten dituztenak artikuluak modu guztiz boluntarioan, nahiz eta euren curriculumean sarri askotan ez daukaten aparteko pisurik. Gainerakoan, UEUko sail batzuk oso aktibo daude, Informatika Saila, adibidez, eta beste sail batzuk, berriz, ez hain aktibo. Agian hori gertatzen da euskaldun horiek beste foro interesgarriago batzuk dituztelako.

Bi urterako konpromisoa hartu duzu zuzendaritzan. Zein da zurehelburu nagusia?

Krisia onik gainditzea, lan handia eginez baliabide eta proiektu berriak martxan jartzeko, daukaguna ukitu gabe; nik ez dut nahi ez liburu gutxiago ateratzerik, ez webgune bat bertan behera uzterik. Une hauetan hamabi webgune ditugu... Mantentzea ez da gutxi. Badakit onena litzatekeela zerbait gehiago sortzea, ideala litzateke, adibidez, beste graduondoko bat martxan jartzea unibertsitate batekin edo batzuekin. Baina uste du bi urteotan nire ekarpena izan daitekeela krisia gainditzea eta UEU onik ateratzea.

Eta, ahal bada, UEUren erreferentzialtasuna indartzen jarraitzea...

Bai, jakina. Hori beti. Uste dut UEUko zuzendari guztiak horretan saiatzen garela.

Zerk lagun dezake horretan?

Zaila da. Finean, guk egiten dugunak gizartearen zati txiki bati eragiten dio. Noski, gizarte osoari onura ekartzen dio, baina gure jardun esparrua oso espezifikoa da. Ezin gara heldu masara, baina heldu behar dugu justu gure segmentura: euskaldun unibertsitarioen komunitatera. Hor erreferentzialtasuna areagotzeko egin behar duguna da gure produktuen kalitatea areagotu: bai liburuena, bai ikastaroena, bai bestelako proiektuena.

Administrazio publikoek aintzat hartzen al dute UEU?

Euskal Herriak hainbat administrazio ditu; batzuk hurbilago sentitzen ditugu beste batzuk baino. Nik nahiko nuke, bestalde, unibertsitateek gehiago hartzea aintzat UEU.

Nahi baino urriagotan lortzen duzue haiengana heltzea?

Bai, nik uste dut egin ditzakegula lankidetzan gauza gehiago, eta egun ez dagoela lankidetza hori; hitzetan geratzen dela, baina gero gauzatzeko orduan asko kostatzen dela. Guk jarrera proaktiboa izaten dugu beraiekiko, eta alderantziz ez da izaten.Ez da txarra hori ere. Gure egitekoa hori da, proiektu interesgarriak proposatzea martxan jartzeko euskaldunei begira, baina asko kostatzen zaigu ekimenetik harago gauza zehatzak egitea. Hori, horrenbeste erabiltzen ez den UEUren plaza da, erabil zitekeena eta guri erabiltzea gustatuko litzaigukeena.

Zuzendaritza laga du Lore Erriondok. Zer ekarpen egin dio UEUri?

Ekarpen handia egin dio UEUribere esparru akademikoa definitzen. Pedagogoa da ikasketaz, eta hori nabaritzen da. Ni historialaria naiz, eta segur aski nire ekarpena izango da beste mota batekoa. Berak, ekarpen oso handiak egin ditu, eta ildo batzuk markatu ditu; nire ustez, urte batzuetan berrikusi ere ez dira egin beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.