LOMCE hezkuntza erreformaren ezarpena nolakoa izango den aztertzeko, bileran egon dira autonomia erkidegoek eta Espainiako Hezkuntza Ministerioa. Joan den azaroan onartu zuten legea Espainiako Kongresuan, eta indarrean jartzeko garaia dator orain. Egutegiaren arabera, irailean jarri beharko lukete martxan lehen hezkuntzan ―lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan―, eta oinarrizko lanbide heziketa ere abiarazi beharko lukete. Epeak oso estuak dira, ordea. Erkidegoetako hainbat ordezkarik —Uriartek ere bai— hori nabarmendu diote Werti gaurko bileran: "Ezin dira epeak bete, ez lehen hezkuntzan, ezta oinarrizko lanbide heziketan ere". Erantzuna hauxe: "Asko eskatzen duten epeak" dira, baina "egingarriak".
"Errespetatzen" ditu kritika guztiak Wertek, "ulertzen" ditu zailtasunak, baina "egutegia betetzea ez da ezinezkoa". "Gehiengo argi batentzat egingarria" dela uste du, eta ezintasuna agertu dutenak "hain justu" LOMCEren kontrako jarrera hertsiena erakutsi duten erkidgoetatik etorri direla.
"Denbora errekorrean
Espainiako Hezkuntza Ministerioa hasia da curriculum berriak prestatzen; horixe berretsi du Wertek. Zirriborroak egin ditu, eta gaurko bileran horiek ere aztertu dituzte. Urrats asko falta dira, hala ere. Curriculum berriari buruzko dekretuak onartu eta argitaratu behar ditu Espainiako Gobernuak lehenik, eta, ondoren, erkidegoek osatu egin beharko dituzte ―orain arte baino askoz zeresan gutxiago izango dute, nolanahi ere―. Hezkuntza Ministerioari dagokionez, 2014-15 ikasturtean abian jarriko den curriculuma garatzen ari dira. "Denbora errekorrean" egin dituzte orain arteko urratsak, eta "norabide horretan lanean jarraituko" dute. Dekretu hori egin ondoren hasiko lirateke argitaletxeak liburuak atontzen, eta, behin horiek amaituta, erabiltzeko baimena jaso beharko lukete.
Ereforma egiteko 2014tik 2020ra behar den finantzaketari aurre egiteko Europako Funtsak 1.200 milioi euro jjarriko dituela esan du Wertek, eta 800 milioi erkidegoen esku geratuko dira, ikasleen kopuruaren arabera banatuta.
Ezinezkoa dela esan du Jaurlaritzak, ez dagoela astirik hori guztia irailerako egiteko. Bileraren aurretik argazki bat egin dute erreformaren aurkako erkidegoek: agerraldi bat ere bai, Jaurlaritzarekin batera, Kataluniako Generalitateak, eta Andaluziako, Asturiasko eta Kanariar uharteetako gobernuek. Denbora galdegin dute.
Intsumisioaren bidea baztertuta
Jaurlaritzak baztertua du intsumisioaren bidea, eta gaurko agerraldian ez dute intsumisio asmorik agertuko. Legea betetzea ezinezkoa dela nabarmenduko dute, eta atzerapen bat eskatuko diote Wert ministroari. Horretarako asmorik ez du agertu orain arte Madrilgo gobernuak, eta presaka ari da dekretuak onartzeko bidea egiten.
Diru kontuak ere mahai gainean daude. Erreformak zenbateko gastua izango duen erabat argitzeko du ministerioak, eta hori kezka iturri da erkidegoentzat, haiena baita hezkuntzako eskumena. PPren esku dauden erkidego batzuk ere kexatu zaizkio Werti, diru kontuak direla eta. Erreforma “lasai eta txukun” ezartzearen alde egin dute alderdi horretako sailburu batzuek.