Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak Naturklimaren (Klima Aldaketaren Gipuzkoako Fundazioa) egoitza berriko lehen harria jarri dute gaur Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean. Eraikina 2023an inauguratuko dute, eta «zero emisiokoa» izango da, jasangarritasun irizpideak jarraituz eta material birziklatuekin eraikia. Bere eraikuntza 7.160.000 eurotan esleitu dute, eta obrak egiteko epea 22 hilabetekoa izango da.
Olanok adierazi duenez, Naturklimaren eraikuntza sustatzeak «garrantzi berezia» du egungo krisialdi egoeran, pandemiak sortutako ondorio sozioekonomikoen aurrean, «Gipuzkoak bere egin duelako Europako Batasunak susperraldi ekonomikoa gauzatzeko planteamendua». Bere ustetan, eraikiko duten zentroak Gipuzkoan «berrikuntza teknologiko berdea eta ekonomia zirkularra hedatzea» sustatuko du, lanpostuak eta ekonomia aktibitate berriak sortzearekin batera.
Ingurumen diputatuak, bere aldetik, fundazioaren balioa nabarmendu du, Europako Batasuneko Next Generation funtseko 200 milioi euro Gipuzkoako proiektuetara bideratzeko «tresna» izango dela azpimarratuz. Diru horrekin garatuko liratekeen proiektuetako batzuk ere aipatu ditu: klima aldaketak Gipuzkoan duen eragina monitorizatzeko behatoki bat, enpresen eta partikularren trantsizio energetikoa bultzatzeko programa bat, ekonomia zirkularra sustatzeko proiektu bat, plastiko jasangarrien polo bat...
«Zero emisioko» eraikina
Naturklimaren egoitza berria jasangarritasun irizpideen arabera diseinatu eta eraikiko dute, hau da: lehengaien kontsumoa minimizatuz, birziklaturiko materialak erabiliz eta ahalik eta energia kontsumo txikiena eginez, batez ere energia berriztagarriak erabiliz. Halaber, eraikinaren orientazioa eta ingurua ere kontuan hartuko dituzte, eguzkiaren energia ahal bezainbeste aprobetxatu eta tenperatura optimizatzeko.
Eraikinak hiru atal izango ditu: bina solairuko bi zati eta bien arteko solairu bat. Horietan, fundazioaren bulegoak eta enpresa berrientzako coworking guneak egongo dira, eta baita auditorio bat eta erabilera anitzeko hainbat areto ere. Kanpoan, berriz, zuhaizti batez eta lorategi botaniko batez osaturiko berdegune bat izango du.