Euskal Herriko gatazkaz mintzatu da Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria Kaliforniako Stanford unibertsitatean; zehazki, Euskal gatazka konpontzeko proposamen bat izeneko hitzaldia eman zuen atzo arratsean (bart goizaldea Euskal Herrian) jendez betetako aretoan -mintzaldia bideo bidez jarraitzeko beste areto bat atondu behar izan dute areto nagusian ez zirelako entzule guztiak sartzen-.
Euskal Herriaren historia eta kulturaren berri emanez hasi du hitzaldia, eta herri eskubideen jabe dela nabarmendu du. Ildo horretatik, "Euskal Herriaren helburu bidezko eta demokratikoak" eta ETAren indarkeria ez nahasteko eskatu du; areago, ETAk indarkeriarekin aurrera jarraitu edo ez alderdiek elkarbizitza hitzarmen politikoa lortu behar dutela nabarmendu du Ibarretxek, eta urrian galdeketa egingo duela berretsi.
Nazio eskubideek Espainiako Estatuan "garai txarrak" bizi dituztela esan du, eta arlo horretan PSOEk eta PPk jarrera bera izan dutela: "Auzi horri dagokionez, PSOEk eta PPk egun dituzten jarrerak berdintsuak dira". Hala ere, itxaropentsu agertu da, hauteskundeen ondoren arlo horretan gauzak alda daitezkeela iritzita.
Ibarretxek Stanfordek eman duen hitzaldiak protestak ere piztu ditu. Ikasle espainiar batek abiatutako Interneteko ekimenak bost mila sinadura bildu ditu lehendakariak unibertsitatehorretan hitzaldia ematearen kontra. Hain zuzen ere, sinatzaileetako batzuk hitzaldian izan ziren, eta Ibarretxeren kontrako pankartak zabaldu ziztuzten unibertsitate inguruan eta hitzaldi aretoaren atarian.
Politika
Nazio eskubideen inguruan PSOEk eta PPk jarrera bera izan dutela esan du Ibarretxek Stanforden
Hala ere, itxaropentsu agertu da hauteskundeen ondoren egoera alda daitekeela iritzita. ETAk indarkeriaren jarraitu edo ez, alderdiek hitzarmen politikoa lortu behar dutela berretsi du Kaliforniako (AEB) unibertsitate entzutetsuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu