Politika

Nazio Eztabaidaguneak "Euskal Herriaren aldaketarako indarrak metatu eta aktibatzeko" helburua jarri du

Gaur eman du bi hilabeteko hausnarketaren ondoren erabakitako estrategiaren berri. "Eskenatoki berriaren mami nagusia aitortza politikoan, lurraldetasunean eta autodeterminazio eskubidean oinarritzen da". Udalbiltzaren "beharra" azpimarratu du, bide batez.

2007ko abenduaren 7a
17:16
Entzun
Nazio Eztabaidaguneak datozen urteetan "Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatzeko nazio gisa bultzatu beharreko estrategia" erabaki du, eta "aldaketarako dauden aukerak" nabarmendu ditu. Horretarako, "gehiengoa artikulatu" behar dela deritzo, eta bide horretan egingo duela lan. Eragile politiko, sozial eta sindikalek osatzen dute Nazio Eztabaidagunea. Azaroaren 24an egin zuen Barañainen (Nafarroa) Osoko Bilkura, eta gaur eman du estrategiaren berri, prentsaurrekoan.

Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik "egiturazko zapalkuntza" jasaten duela berretsi du Nazio Eztabaidaguneak, eta "jokoan" dagoena "aldaketaren norabidea" dela dio. Hala, "nazio gisa, euskal herritarren indarrak metatu eta aktibatzeko helburua izango duen aldaketaren oinarriak finkatu" dituela esan du. "Euskal Herriak beharrezko duen eskenatoki berriaren mami nagusia Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen aitortzan, Euskal Herriaren aitortza politikoan, lurraldetasunean eta autodeterminazio eskubidean oinarritzen da. Horiexek dira une politikoaren gako nagusiak eta Euskal Herrian horien alde dagoen gehiengoa artikulatu behar da, gaurdanik norabide horretan urratsak eginez".

Euskal herritarren borondatearen adierazpidean oinarrituriko "ibilbidea berreraikitzeko herri kontsulta bat tresna" izan daitekeela dio. "55 eragile sozial, sindikal eta politikok sinaturiko Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan oinarrituz, edozein kontsultak, Euskal Herriaren subjektu politikoaren aitortza izan behar du abiapuntutzat".

Udalbiltzaren "beharra" azpimarratu du, era berean, Nazio Eztabaidaguneak. "Udalbiltza instituzio gisa finkatu eta berrosatu behar da, zatiketa gaindituz eta instituzio izaeraren bermeak ahalbidetuz. Horixe da udal hautetsi guztiei egiten diegun deialdia".



Eztabaidak bi hilabete iraun du, "eta hausnarketa sakona, garrantzitsua eta konpartitua izan da". Prozesu osoan izandako partaidetza eta bildutako ekarpenak nabarmendu ditu; "ehunka gizon eta emakumeren iritzi eta ekarpenak izan dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.