Nazio Eztabaidaguneak Euskal Herriko egoeraren azterketa berritu eta datozen urteetako nazio estrategiaren ildoez hitz egin du gaur Barañainen (Nafarroa) egindako batzarrean, baina jendaurrean abenduaren 7an jakinaraziko du zertan datzan estrategia hori. Dena dela, indar metaketa beharrezkoa dela berretsi du gaur. "Euskal Herriaren burujabetza xede izan behar duen aldaketaren mamiaren alde gehiengo soziala dago Euskal Herrian. Horren artikulazioa eta metaketa ahalbidetzea izango da jardueraren helburu nagusietako bat", dio Nazio Eztabaidaguneak gaur hedabideei banatutako ebazpenean.
Hala, "indarrak metatu eta aktibatzeko konpromisoa" hartu du. "Era berean, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalak ukazio egoera gaindituko duen Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko apustuan murgiltzera deitzen ditugu. Euskal Herriak merezi duen urratsa egiteko garaia delako".
Eskenatoki berri batera egin beharreko bidean, "ezinbesteko lau oinarriak" hauek dira: "Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen (kolektiboen eta indibidualen) aitortza; Euskal Herriaren nazio aitortza; lurraldetasuna, zazpiak bat; eta autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea".
2008ko ekainean Nazio Plaza antolatuko dutela aurreratu dute bertako kideek. "Nazio eraikuntzaren agertorki eta lan praktikorako eguna izango da". Horretaz gain, hurrengo urterako ere Aberri Egun herritarra deituko dute, eguna "modu bateratuan" ospatzeko. Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) egin dute aurten izaera horretako Aberri Eguna; 2008koa martxoaren 23an izango da.
2003an sortu zuten hainbat eragilek Nazio Eztabaidagunea, eta hainbat fruitu eman ditu urteotan, bai gatazkaren konponbideari begira bai nazio eraikuntzaren alorrean. Lau urteotan, bi ildo nagusi landu ditu: gatazkaren konponbidearen sustapena eta nazio eraikuntza. Era paraleloan, bakoitza bere bidetik. Aurrerantzean, uztartuago lantzeko asmoa du.
Politika
Nazio Eztabaidaguneak helburu nagusitzat jo du "burujabetzaren aldeko indar metaketa"
Gaur batzarra egin du Barañainen, eta abenduaren 7an jakinaraziko du zertan datzan estrategia berria. 2008ko ekainean Nazio Plaza antolatuko du, baita martxoan Aberri Egun herritarra ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu