2005eko urriaren 8an Zarautzen ospatu zen Nazio Eztabaidan Aberri Egun bateratu eta duin bat posible izan dadin urratsak emateran alde eragitea zioen ebazpena aurkeztu zen Nazio Eztabaida Guneko kideen artean. Horrela, Jagoba Zulueta eta Maite Aristegi Nazio Garapenerako Biltzarreko kideek azaldu dutenez, Nazio Eztabaida Guneak Aberri Eguna Zarautzen proposatu bezala ospa dadin "eragile soziopolitiko eta instituzionalekin harremanetan jartzeko proposamena eta deialdia luzatzea" eskatu zioen NGBri.
NGBko kideek adierazi dutenez, eskari horri erantzunez dinamika bat abian jarri zuten abenduan alderdi eta sindikatu nagusiekin lehen erronda bat burutuz: "Urtarrilaren amaieran ekarpenak jaso ondoren emaitzak elkar banatu ditugu eragileekin", azaldu dute. Harreman horietan guztien aldetik "jarrera irekia eta proposamen zehatzen azterketa egiteko borondatea" jaso dutela azaldu dute Zuluetak eta Aristegik. Era berean, nabarmendu dute guztiek "Aberri Eguna modu bateratu eta duinean ospatzeko borondatea" azaldu dutela.
Bilerak egin dituzte hainbat eragilerekin
Lehenengo errondan honako eragileekin bildu da Nazio Garapenerako Biltzarra:
Udalbitzaren buru Julian Eizmendi, Udalbiltzaren buru Loren Arkotxa, AB, Aralar, Batasuna, EA, EAJ, LAB eta ELA. Biltzarreko kideek argitu dutenez, EAJri proposamena helarazi zaio baina oraindik ez dute erantzunik jaso eta ezin izan dute bilerarik egin. Bestalde, ELA sindikatuak telefonoz agertu ei du Aberri Egun bateratu baten alde dagoela. Hala ere, NGBrekin ez biltzea erabaki dute.
Orain, Nazio Garapenerako Biltzarreko kideek azaldu dutenez, "behin betiko proposamena zehazteko bidean" bigarren erronda bat burutuko dute otsailean eta martxoaren lehen hamabostaldian. Jasotako emaitzekin balorazioa egin eta "hartu beharreko neurriak hartuko lirateke".
Aberri Eguna
Nazio Garapenerako Biltzarrak dio Aberri Egun bateratua eta duina egiteko borondatea agertu dutela hainbat eragilek
Nazio Garapenerako Biltzarrak gaur azaldu duenez, datorren apirilaren 16an "Aberri Eguna modu bateratu eta duinean ospatzeko borondatea" agertu dute hainbat gizarte eragilek. NGB Nazio Garapenerako Biltzarra hainbat eragile soziopolitiko eta instituzionalekin jarri da harremanetan Aberri Egun bateratua eta duina ospatzeko proposamena luzatzeko asmoz. Jagoba Zulueta eta Maite Aristegi biltzarreko kideek azaldu dutenez, "jarrera irekia" jaso dute guztien aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu