Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

«Nazio itun» bat eskaini du Mintegik bakea eraiki eta krisia gainditzeko

Egungo egoera elkarrekin arituta soilik gaindituko dela ohartarazi, eta «siglak gaindituko dituen» akordio bat proposatu du«Elkar ulertzeko dinamikan» sar daitezela eskatu die Espainiari eta Frantziari

Laura Mintegi, atzo, Forum Europan emandako hitzaldian. JON HERNAEZ / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Lehendakarigai aurkeztu zen lehen momentutik, egungo politika eredua aldatu eta «akordioaren kultura» zabaldu nahi zuela esan zuen Laura Mintegi EH Bilduren hautagaiak. Elkar ulertzearen beharrean sakondu du ordutik, eta, atzo, guztien arteko «nazio itun» bat proposatu zuen premiarik handienei aurre egiteko. Alderdi politiko guztien arteko akordioa proposatu du; «siglak gaindituko dituena», eta herritar guztiak parte sentituko direna. «Egungo egoeratik elkarrekin arituta soilik aterako gara».

«Herria eraikitzeko, krisitik ateratzeko eta bakea eraikitzeko» lortu nahi du «nazio ituna» Mintegik. Independentziari buruz, krisia gainditzeko moduari buruz eta «herri honek horrenbeste urtetan izan duen indarkeriaren kapitulua ixteko» neurriei buruz mintzatu nahi du guztiekin, akordioak lortu eta aurrera egiteko.

Forum Europak antolatutako hitzaldian enpresari eta bestelako gizarte eragileetako kideen aurrean egindako hitzaldian azaldu zuenez, Euskal Herriarentzat estatua lortzea du helburu EH Bilduk. Baina, horretarako pausoka joan behar dela uste duenez, bestelako eredu sozial eta ekonomiko baterako bidean aurrera egiteko, «trantsizio neurriak» proposatu ditu datorren legegintzaldirako.

Bakegintzari dagokionez, bakea egin egin behar dela ohartarazi du: «Ez da espontaneoki jaiotzen». Eta guztien artean eraiki behar dela. Elkar onartzea, elkarrekin hitz egitea eta akordioak egitea aldarrikatu du horretarako ere: «Funtsezkoa da elkar ulertzea».

EH Bildu osatzen duten alderdiak bide hori aspaldi egiten ari direla azaldu zuen Mintegik. «Guztiek egin beharreko hausnarketa eta autokritika» ere egin duela. Baina beste batzuk ez ditu bide horretan ikusten: «Nik ordezkatzen ditudan lau indarrek bosgarren martxa sartua dute, eta iruditzen zait batzuek ez dutela lehenengo martxa ere sartu». Espainia eta Frantzia dira oraindik geldi ikusten dituenak, eta prozesuan sartzeko deia egin die. «Guneren batean bat egin beharko dugu, akordioak egin, herri honetan bakea eraikitzeko».

«Elkar ulertzeko dinamikan sar daitezela eskatzen diet bi estatuei, gerra jarrera eta hizkuntza erasokorrak baitituzte oso», esan zuen. «Prebarikatzea» egotzi die, Estrasburgoko Auzitegiak presoei ezartzen zaien 197/2006 doktrina baliogabetzeko emandako agindua gogora ekarrita. «Estatuen alde gutxi esaten duten gauza larriak dira».

Gizarte eredua

EH Bilduk defendatzen duen gizarte ereduari buruz luze mintzatu zen Mintegi, baita horren zatitzat duen eredu sozio-ekonomikoari buruz ere. Proposatzen dituen neurri zehatzak aletu ditu, zerga sistema progresiboa, lan eta soldata banaketa orekatuagoa zein zerbitzu publikoak aldarrikatuta.

Eta burujabetza eskaeraren parean jarri du justizia sozialaren aldekoa: «Nik ez nuke nahi politika neoliberalak ezarri eta herritarrak miserian mantentzen dituen herri independente bat; lotuta daude bi alorrak, eta elkar elikatzen dira: bestelako eredua izango duen herria nahi dugu». Eta hori guztia herritarren parte hartzearekin egin nahi duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.