Nazioarteko bideratzaileak Aieteko bide orria suspertzen saiatuko dira

Euskal Herrian da Egiaztatze Batzordea, alderdi politikoekin eta sindikatu, enpresaburu eta eragileekin hainbat bilera egitekoHarremanetarako Taldea Nafarroako alderdi eta eragileekin bildu da aurreko egunetan

Koldo Aldabe.
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordea Euskal Herrian da berriro, hemengo alderdi politiko, enpresaburu, sindikatu eta gizarte eragileekin biltzera etorrita. Aieteko Adierazpenak markatutako bide orria suspertzea du helburu egunotako bisitak, ETAk iragan urriaren 20an iragarritako jardun armatuaren behin betiko amaieraren ondotik gatazkaren ondorioei heltzeko aukera egon arren, oraindik urrats horiek iritsi ez direlako.

Iragan urtarrilaren amaieran egin zuen lehen bisita Ram Manikkalingam-ek zuzentzen duen seikoteak. Orduan bezala, orain ere, EAJrekin, PSE-EErekin eta «ezker abertzaleko alderdiekin» bilduko da, baita Confebaskekin, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuekin, Eliza katolikoko ordezkariekin eta zenbait agintarirekin ere.

Urte erditik gora igaro da ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuela eta Espainiako eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorioez aritzeko elkarrizketarako deia egin ziela. Urriaren 17an egindako Aieteko Nazioarteko Konferentziaren amaierako adierazpenaren lehen puntua zen hori, Donostiako Bakearen Etxean egin zen ekitalditik egun gutxira iritsi zena.

Beste hiru puntu ditu adierazpenak —bosgarren bat ere bai, nazioarteko itzal handiko jendearen prestasuna jarraipen batzorde bat osatzeko—, eta oraingoz bete gabe daude. Gatazkaren konponbide prozesua sendotzeko une honetan «geldialdi» kezkagarri bat dagoela uste du ETAren su-etena egiaztatzeko sortu zen nazioarteko batzordeak.

Aieteko Adierazpenaren bigarren eta hirugarren puntuak garatzean jarri du indarra NEBek. Bigarren puntuak dio ETAk jardun armatua behin betiko utziko duela iragarriz gero, Espainiako eta Frantziako gobernuek heldu egin beharko lioketela ETArekin gatazkaren ondorioez hitz egiteko eskaintzari: desarmeaz, presoez, iheslariez... Iragan urtarrilean, Euskal Herrira egindako bisitan, Egiaztatze Batzordeak ETAko zuzendaritzarekin edukitako bileraren berri eman zuen, eta adierazi zuen ETAren su-etena eta indarkeriaren amaiera, «prozesu itzulezin baten barruan» daudela eta ETAk ez duela «inongo asmorik» etorkizunean «ekintza terroristak antolatzeko edo bortizkeria erabiltzeko».

Hirugarren puntuak adiskidetzeari heltzen dio, eta biktima guztien aitortzan, konpentsazioan eta laguntzan sakontzen.

Elkarrizketa politikoak

Harremanetarako Nazioarteko Taldea da Aieteko Adierazpenaren laugarren puntua garatzen diharduena; hain zuzen ere,elkarrizketa politikoen atala. Brian Currin abokatu hegoafrikarra aurreko egunetan Euskal Herrian izan da. Agerraldi publiko bakarra egin du, apirilaren 23an, Gazta zati bat dokumentalaren aurkezpenaren harira, baina joan den astean hainbat bilera egin ditu alderdiekin.

Oraingo fasea Currinek «elkarrizketen gaineko elkarrizketak» deitzen duena da; alegia, alderdi eta eragileek egin beharko luketen elkarrizketa politiko saioari buruz hitz egitea: metodologiaz, agendaz...

Otsailaren hasieran, Bilbon egin zituen, eta, orain, Iruñean egin ditu hainbat bilera HNTko ordezkariak. Izan ere, Nafarroako alderdiekin eta eragileekin bildu da Currin, lurralde horretako ordezkariak ere alderdien arteko elkarrizketetan sar daitezen ahalegintzeko. Nafarroako egoera politikoa ezegonkorra da une honetan. UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernua uneoro tentsioan da. NaBain eta Bildun ere aldaketak izan dira duela urtebetetikhona. Aldaketa giro horretan, mugimendu soziopolitikoak ere gertatzen ari dira, garai desegonkor guztietan bezala. Horrek Nafarroaren estatusari buruzko eztabaida ere piztu du, uneotan azalean baino sakonean gertatzen ari den arren.

Testuinguru horretan bildu da Brian Currin Nafarroako alderdi politikoekin eta zenbait eragilerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.