Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak Euskal Herrian dira berriro, eta bihar eta etzi hainbat eragilerekin bilduko dira, beraiek gaur arratsaldean ohar baten bidez jakinarazi dutenez. EAJ, PSE-EE, "ezker abertzaleko alderdi", UGT, CCOO, ELA, LAB, Confebask, Elizako orezkari eta EAEko beste "agintari" batzuekin batzartuko dira. Bileren helburua: "[ETAren] Indarkeriaren amaierari buruz informazioa jasotzea eta bere egiaztatzeaz jarraipena egitea".
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu eta PSEko kideak berretsi egin du Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin batuko direla. Ez du esan Jaurlaritza bilduko den.
Batzordea azkeneko aldiz urtarrilean izan zen Euskal Herrian, ETAk jarduera armatua betiko bukatu duela esan eta bi hilabete pasara, eta, Ram Mannikkalingam batzordekideak esan zuenez, arestian aipatutako eragile haiekin elkartu ziren. Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak egun batzuetara adierazi du bere gobernuak ere izan zuela harremanik haiekin orduan.
Iazko irailean sortu zuten Egiaztatze Batzordea, ETAren su-etena egiaztatzeko. Nazioarteko bost adituk osatzen dute.
Carlos Urkixo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gaur esan du Madrilek ez duela bilerarik egingo harekin. "Gobernuak egiaztatzea Polizia, Guardia Zibila eta informazio zerbitzuen bidez egiten du".