Bake prozesuak aurrera egiteko lanekin jarraitzeko, Euskal Herrian izango da udazkenean Nazioarteko Harreman Taldea. Hala jakinarazi du Europa Press berri agentziak, taldearen gertuko iturriak aipatuz. Informazio horren arabera, bisitak erakutsiko luke konponbide prozesua "errazteko" ahaleginetan jarraituko duela taldeak, topatutako oztopoen gainetik.
Uztailaren 16an euskal alderdiekin eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezekin batzartu ziren Jonathan Powell eta Martin McGuinness Aieteko Adierazpeneko sustatzaile eta nazioarteko bitartekariak. Sinetsirik agertu ziren urtea amaitu baino lehen "aurrerapausoak" izango direla bake prozesuan, horretarako "borondatea" ikusi zutelako.
ETAk "borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa" desegin dituela jakinarazi zuen Powellen eta McGuinnessen bisitatik egun gutxira. Uztailaren 15ean sinatutako agiri baten bidez, "konfrontazio armatutik konfrontazio demokratikora" igarotzeko berrantolatzen ari dela azaldu zuen ETAk.