Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz, Euskal Herriak ez du "elkarrizketaren bultzatzailerik" behar, eta uko egin dio Nazioarteko Harreman Taldearekin biltzeari. Lehendakariarentzat, "euskaldunok gauzak ongi egiten ari gara, geure arazo nagusiari aurre eginez". Hala erantzun dio Lopezek gaur Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Jaurlaritzan harreman taldearen inguruan eginiko galderari.
Horregatik, zalantzan jarri du Brian Currin abokatu hegoafrikarrak bultzaturiko Nazioarteko Harreman Taldearen beharra. Pertsona "errespatagarriak" direla azaldu duen arren, taldearen rola ezbaian jarri du, eta gatazkaren alderdi bat bakarrik presionatzen dutela salatu du. "Orain dela aste batzuk euren papera presionatzea zela esan zuten elkarrizketa batean. Baina zuzenbide estatuaren aurka egin zuten soilik, eta erakunde terrorisarentzako mezurik ez zutela azaldu zuten. Nahiko desorekatua presio hori".
Nazioarteko Harreman Taldearen jarduna gaitzetsi ondoren, Lopezek Jaurlaritzak "terrorismoaren" aurka duen jarrera goraipatu du, eta ildo horretatik "aurrerapauso handiak" lortu direla nabarmendu du. "ETA inoiz baino ahulago dago, Euskadin ez da sekula hainbeste pertsona egon terrorismoaren aurka, eta orain arte ezker abertzaleak ez zuen inoiz esan politika egiteko bide bakarra demokrazia eta legea betetzea zirenik".
Agirrezabalak lehendakariaren jarrera deitoratu du, eta Jaurlaritzak "elkarrizketa politikoa ez duela "bultzatu nahi" . Parlamentariaren iritziz, Nazioarteko Harreman Taldeak "ez du inor baztertzen". Ziurtatu duenez, taldearen asmoa "normalizazio politikoa lortzen, eta bake bidean aurrera egiten laguntzea" da.