Nazioarteko legedia eta berea urratzea egotzi dio ELDHk Espainiari

'Parot doktrina' indargabetzeko eta larri gaixo dauden presoak askatzeko eskatu dio gobernuari

Josu Uribetxebarriaren aulkiari agurra dantzatu zioten joan zen larunbateko ekitaldian, Arrasaten. RAUL BOGAJO / ARP.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak gero eta presio handiagoa dauka. Larri gaixo dauden presoak askatzeko eta Parot doktrina esaten zaion 197/2006 epaia indargabetzeko eskatu dio Demokraziaren eta Munduko Giza Eskubideen Aldeko Legelarien Europako Elkarteak (ELDH). Bere legedia ez ezik nazioartekoa ere urratzen ari dela ohartarazi dio elkarteak Espainiako Gobernuari. «Egoera horietan dauden presoen giza eskubideak urratzen ditu».

Doktrina hori aplikatuta preso dauzkaten pertsonei «askatasun eta segurtasun eskubidea» urratzen zaiela uste dute elkarte hori osatzen dutenek, eta «zigorra luzatu» dieten presoak aske uzteko eskatu diote Espainiari; baita doktrina bera indargabetzea ere. «Lege arauek atzerako eraginik ezin dutela eduki esaten duen printzipioa urratzen da doktrina hori aplikatuta, baita zigorren aurreikuspenarena ere. Funtsean, legerik gabe zigorrik ez dioen printzipioa ere urratzen du».

Espainiako Gobernuak 197/2006 epaiari eusten baldin badio ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak zilegitasuna kendu zion hura aplikatzeari. Uztailaren 10ean, epai bat atera zuen esanez doktrina horrek giza eskubideak urratzen zituela eta eskatuz Ines del Rio presoa aske uzteko eta kalte ordainetan 30.000 euro emateko. Epaia irmoa izan arte bereari eusteko asmoa azaldu zuen, eta iragarri zuen Estrasburgoko Auzitegiaren epaiari helegitea jarriko diola. Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko legelari taldea bat etorri da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiarekin, eta salatu du doktrinak Giza Eskubideen Europako hitzarmeneko 7. artikulua eta 5.1 artikulua urratzen dituela.

Gaixotasun larria izanda ere preso edukitzen dituztenen egoerarekin ere kezkatuta azaldu da elkartea. Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatu eta haiek libre uzteko eskatu dute juristek. «Haiek espetxetik ateratzeko arrazoi mediko eta humanitarioek bakarrik izan behar dute indarra», dio elkarteak, komunikabideetara igorritako oharrean.

1993an osatutako elkarte bat da ELDH. Albaniako, Austriako, Belgikako, Bulgariako, Ingalaterrako, Finlandiako, Frantziako, Alemaniako, Greziako, Italiako, Letoniako, Errumaniako, Errusiako, Suitzako, Turkiako eta Euskal Herriko zenbait juristak osatzen dute. Banakoak zein legelari elkarteak dira hango partaide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.