KONPONBIDEARI BEGIRA

Nazioarteko mintegi bat prestatu du Lokarrik, elkarrizketa eta bizikidetza lantzeko

Donostiako Kursaal jauregian egingo dute abenduaren 14an, eta Hego Afrikako, Palestina eta Israelgo, Kolonbiako eta Irlanda iparraldeko prozesuak izango dituzte aztergai.

2012ko abenduaren 1a
15:50
Entzun

Bake prozesua egonkortzeko eta elkarrizketa nahiz bizikidetza bultzatzeko "hausnarketa gune bat" zabaldu nahi du Lokarrik ekimen horren bitartez. "Euskal gizarteak bakea egonkortzeko bidea egin dezan, ikasgaiak ateratzea" du helburu erakundeak.

Bi ekitaldi egingo dituzte hilaren 14an. Goizez, topaketa pribatu bat egingo dute gizarte eta kultur arloko hainbat eragilek, alderdi politikok eta sindikatuk. Arratsaldean, berriz, konferentzia publikoak egingo dituzte Hego Afrikako, Israel eta Palestinako, Irlanda iparraldeko eta Kolonbiako bake eta bizikidetza prozesuez. Herritarrek eta bereziki emakumeek prozesu horietan izandako parte hartzea ere landuko dute.

Brian Currin abokatua izango da gonbidatuen artean. Halaber, Donostian izango dira Alberto Spektorowski politika zientzietako irakaslea —Camp Davideko negoziaketetan parte hartu zuen, eta Euskal Herrian bake prozesua sustatzeko sortutako Nazioarteko Harreman Taldeko kidea da—, Carmen Magallon Bake eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligako presidentea Espainian, Carlos Martin Beristain sendagile eta psikologian doktorea eta Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.