Batetik, Iran eta Estatu Batuen arteko harreman eztabaidatsuak dira nazioarteko giro garratzaren erantzule. Asteazkenean zabaldu zenez, euren arteko liskarrak baretu asmoz, Iranek EBri bilera bat egiteko proposamena egin zion. Berehalako eragina izan zuen petrolioaren prezioan.
Hala ere, ez da hori adituek aipatu duten gertaera bakarra. Izan ere, Ipar Koreak misil balistikoekin egin dituen frogei desafio kutsua hartu diete nazioartean. Pyongyangen erabakiek petrolio horniduretan eragin zuzenik ez duen arren, ziurgabetasun egoera areagotzen ei dute.
Bestalde, udaren etorrerarekin eta urtero geratu ohi den moduan,AEBetan eta Txinan -bi kontsumitzaile handienak- ikaragarri hazi da petrolioaren eskaria. Estatu Batuetan, esaterako, soilik iragan astean 3 dolar garestitu zen Texas petrolio upela, jende askok hartu baitzuen autoa oporraldia pasatuko duten lekura joateko.
Laster nabarituko da erregaien prezioan eta herritarren patriketan
Petrolioaren prezioaren gorabeherek eragin zuzena izan ohi dute jendearen diru zorroan. Izan ere, edonork kontsumitzen ditu petroliotik eratorritako produktuak, eta uste baino sarriago, gainera. Dudarik gabe, erregaiak dira adibiderik garbiena. Aste Santuko oporraldiaren atarian gertatu zen moduan, orain ere laster islatuko da erregaietan petrolioaren prezioa jasaten ari den hazkundea.Atzoko datuen arabera, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetatik, Arabako gasolindegietan eskuratu daiteke erregaia merkeen. A Gasolioa litroko 0,929 eurotik 0,985 eurora artean saldu zuten; eta 95eko berunik gabeko gasolina litroko 1,039tik 1,105 eurora artean. Aldiz, Gipuzkoako gasolindegietan saltzen zutengarestien. A Gasolio litroak 0,934tik 0,999 eurora artean balio zuen, eta 95eko berunik gabeko gasolina litroak 1,047 eta 1,120 euro artean. Bizkaian eta Nafarroan antzera balio zuen A gasolio litroak, 0,937 eta 0,985 euro artean; eta 95eko berunik gabekoak 1,043 eta 1,05 euro artean.