Nazioartetik babesa agertu diote euskal prozesuari

Mexikoko Lanaren Alderdiaren mintegian bildutako alderdiek adierazpen bateratu bat kaleratu dute

Erredakzioa
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Nazioarteko ezkerreko hirurogei alderdi inguru bildu dira joan den asteburuan Mexikon, Lanaren Alderdiak antolatutako mintegian, eta denek, aho batez, euskal prozesuaren aldeko ebazpen bat onartu dute. Ongietorria eman diote garai berriari, eta ezberdinen arteko elkarrizketa aldarrikatu dute. Halaber, presoen sakabanaketa amaitu eta haienganako espetxe politika aldatzeko eta legez kanporatze politika amaitzeko eskatu dute. Mintegian, mundu osoko alderdi garrantzitsu batzuetako ordezkariek hartu dute parte. Euskal Herrian irekitako garai berria babestu dute, besteak beste, FMLNk (El Salvador), Txinako Alderdi Komunistak, PSUVk (Venezuela),Die Linkek (Alemania), Errusiar Federazioko Alderdi Komunistak, Kubako Alderdi Komunistak, FSLNk (Nikaragua), PAEk (Palestina), PAFDk (Palestina), Vietnameko Alderdi Komunistak eta Ekuadorko Fronte Zabalak. Ezker abertzaleko Asier Altunak parte hartu du Alderdiak eta jendarte berri bat izenburuko mintegian.

Adierazpenaren sinatzaileek «mugarri historikotzat» jo dute ETAren erabakia eta Aieteko Konferentzia. Egoera politiko honetan, sinatzaileen ustez, «ezberdinen arteko elkarrizketak bakarrik balio izango du behin betiko bakea finkatzeko». Bake egoera bueltarik gabekoa izan dadin urratsak egiteko deia egin diete sinatzaileek alde guztiei.

Halaber, mintegiko partaideek, garai berriari «ongietorria» emateaz gain, «ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea» babestu dute. «Uste dugu badela garaia espetxe politika aldatzeko eta euskal presoen sakabanaketa politika amaitzeko, etxetik gertuko espetxeetara eramanez eta legearen arabera dagozkien onurak ezarriz», nabarmendu dute adierazpenaren sinatzaileek.

Adierazpenaren beste puntuetako bat legez kanporatze politika arbuiatzeko izan da. «Alderdi eta elkarte politikoen legez kanporatzea amaitzeko eskatzen dugu, eta, zehazki, Sortu alderdien erroldan onartua izan dadin Auzitegi Konstituzionalak ebazpena emateko». Azkenik, Espainiako Gobernuari eta ETAri «agenda tekniko bati ekiteko» eskaera egin diete, preso, biktima, desarme eta desmilitarizazioaren gaiak jorratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.