Kataluniako egoera bezala, EAEko hauteskundeak ere arretaz jarraitzen ari direla aitortu du Espainiako Senatuan PPren bozeramaile den Pio Garcia Escuderok. Kutxaren Ekogunean izan da Escudero, Antonio Basagoiti lehendakarigaiarekin. Kotxe elektriko batean ibili ondoren egin dituzte adierazpenak, eta biek ere gogor egin dute Bilduren aurka, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako Udalean darabilen "sektarismoagatik". Basagoitik EAJ kritikatu du koalizioari "hazten utzi" izanagatik, eta bere arabera, Gipuzkoak zituen garapenerako aukerak "galtzen" utzi dituelako horrela: "Badu nahikoa Gipuzkoak inbertsioak uxatzen dituzten ahaldun nagusi bat eta alkate bat sufritzearekin".
"Sufrimendu" horrez gain, Garcia Escuderok ohartarazi du "independentziaren amildegiari" begira daudela EAJ eta EH Bildu, eta alderdi jeltzaleari gogorarazi dio "abentura" horrek aspaldi egin zuela porrot; Ibarretxe planarekin, hain zuzen. EAJ "galbidean" sartu eta "abentura" berri horri ekitea eragozteko, PPren aldeko botoa eskatu du senatariak, "Euskadiri oreka eta egonkortasuna" emateko. "Biak batera doaz Espainia hausteko bidean", gaineratu du Basagoitik. Gipuzkoako zerrendaburu Arantza Quiroga ere izan da Donostiako ekitaldian, eta adierazi du ez duela ulertzen zergatik dauden alderdi abertzaleak Eskoziara begira: "Autonomia gehiago besterik ez dute eskatzen han. Hori Euskadik badauka lehendik ere".
"XXI. mendeko baloreak"
Independentziaren bideak "XIX. mendera" daramala dio Quirogak, eta PPk berriz, "XXI. mendeko baloreak" bultzatu nahi dituela. Basagoitik azaldu duenez, ingurumenarekiko sentsibilitatea da balore horietako bat, eta konpromisoa hartu du hori landuko duen estrategia bat martxan jartzeko. Bide horretan, PPren lehendakarigaiak esan du erakundeen arteko lankidetza, gizartearen parte hartzea eta natur inguruneen berreskuratzea sustatuko dituela. Adierazpenak egin ondoren, Ekoguneko azpiegiturak bisitatu dituzte hiruek.