Memoria historikoa

NBEko kontalariak Espainia ohartarazi du ez duela aski egin memoria historikoan

Frankismoko krimenak ikertzeko eta biktimen alde aritzeko ez duela aski egin leporatu dio kontalariak gobernuari.

2014ko abuztuaren 29a
11:13
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak kargu hartu dio Espainiako Gobernuari. Leporatu dio frankismoko krimenak ikertzeko borondaterik ez izatea, eta biktimen aldeko neurririk ez hartzea.

Behartuta desagertutako pertsonei buruzko NBEko lantaldeak ere oharrak eginak dizkio Espainiari, auzi beragatik eta antzeko argudioekin. Orain giza eskubideen kontalari berezi Pablo de Greiff kexatu zaio: "Egia jakiteko mekanismorik ez du inoiz jarri estatuak; ez dago informazio ofizialik, ezta egia jakiteko mekanismorik ere".

Besteak beste, 1977ko Amnistiaren Legeak ezartzen dituen mugak salatu ditu De Greiffek. "Espainiak aurre egin behar dio bere iraganari, eta zer gertatu zen argitu". Lehen desagertutako pertsonen auziak ikertzeko batzordeak bezala, kontalariak errepikatu du legea ezin dela aitzakia izan iragana ez ikertzeko.

De Greiff urtarril bukaeran izan zen Espainian, eta bilerak egin zituen Espainiako Gobernuko ordezkariekin —besteak beste, Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroarekin elkartu zen— eta 1936ko gerrako biktimen senideekin.

Kontalari bereziak ondorioztatu du gobernuak eta biktimek oso bertsio ezberdinak dituztela. Horrekin batera, ohartarazi du iraganeko auziak ikertzeko zailtasunak badirela eta gobernuak ez dituela behar beste laguntzen lurperatuak aurkitzen. Argentinan frankismoa ikertzeko abiatutako kereilari laguntzea ere galdegin du.

NBEren Giza Eskubideen Batzordean irailean aztertuko dituzte Kontalari bereziaren txosten argitaratu berri hau eta desagertuei buruzko lantaldeak eginikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.