Lurrak funtzio garrantzitsua du gure planetaren sistema klimatikoan, eta hura modu arduratsuan erabiltzeak "potentzialitate handia" du klima krisia mugatzeko. Hala uste du IPCCk, klima aldaketari buruzko ezagutza zientifikoa aztertzeko egitekoa duen NBEren erakundeak. IPCCk Klima aldaketa eta lurra txostena argitaratu du gaur, eta adierazi du gaur egun lantzen den lurrak gaitasuna duela "klima aldaketaren testuinguruan" munduko biztanleria elikatzeko eta energia berriztagarria lortzeko lehengai litzatekeen biomasa sortzeko. Horretarako, baina, nahitaezkotzat jo du hainbat sektoretan aldi berean eragingo duten berehalako neurriak hartzea. Dena den, erakunde zientifikoak azaldu du lurraren kudeaketa arduratsu bat ez dela nahikoa izango berotzea bi graduren azpitik mantentzeko. Haren esanetan, beharrezkoa izango da gasen isuriak mugatzea.
Txostenak jasotzen duenez, berotze efektuak eragin zuzena du lurraren degradazioan. Lurraren produktibitatea murrizten du, labore motak mugatzen ditu, eta gutxitu egiten du lurrak karbonoa xurgatzeko duen ahalmena. Lurraren degradazioak klima krisia areagotzen du, eta horrek, degradazio handiagoa eragin. Egun, desertifikazioak eragindako eremuetan bizi dira 500 milioi pertsona, eta kopuru hori hazi egingo da neurri egokiak hartzen ez badira.
Horrez gain, klima larrialdiak elikadura segurtasuna ere arriskuan jartzen duela ohartarazi dute. Elikagaien ekoizpen ahalmenari kalte egiteaz gain, horiek eskuratzeko aukera murriztea, jakien kalitatea txartzea eta ekoizpenaren egonkortasuna kolokan jartzea ere badakar.
Elikagai nahikoa izango dela bermatzeko, IPCCk beharrezkotzat jo du jaki gutxiago galtzea alferrik. Nabarmendu du ekoizten diren elikagaien herenak hondatzen direla gaur egun.
Bestalde, gaineratu du ezinbestekoa dela elikadura ohiturak aldatzea. Eguneroko dieta bi elikagai motatan oinarritzera deitu du: jatorri begetaleko jakietan —barazkiak, frutak, zerealak, lekaleak— eta animalia jatorriko elikagaietan, azken horiek era jasangarrian eta berotegi gasen isuri urriko sistemetan ekoitzitakoak direnean.
Neurri horiek hartuz gero, bioenergia sortzera bideratu ahalko liratekeen lursailak ugarituko lirateke, baso eta natur ekosistema gehiago suntsitu gabe. Neurri horiek hartzen ez badira, ordea, lur gehiago beharko da bioenergia sortzeko eta, ondorioz, arriskuan jarriko litzateke elikadura segurtasuna.
Lurrari lotutako neurriek klima krisiari aurre egiteko izan dezaketen ahala ere nabarmendu du IPCCk. Azaldu duenez, gizakiak sortutako gas isurien %23 lurraren ustiapenari dagokio. Era berean, lurraren prozesu naturalek xurgatzen duten karbono dioxido kantitatea industriak eta erregai fosilek sortzen dutenaren heren baten parekoa da ia.
IPCCren txostena oinarri gisa erabiliko dute estatuetako agintariek, klimari eta ingurumenari buruzko hurrengo negoziazioetan.