Afrikan dago zabalduen, baina horrek ez du esan nahi handik kanpo egiten ez denik. OME Osasunerako Munduko Erakundeak eta gobernuz kanpoko beste hainbat taldek behin baino gehiagotan ohartarazi dute, maiz, neskak gurasoen jatorriko herrialdeetara joaten direnean mozten dizkietela genitalak. Eta etxera itzulitakoan, beranduegi da ezer egiteko. Horregatik oharra plazaratu du gaur Munduko Medikuak erakundeak: Nafarroan 134 neska daude ablazioa jasateko arriskuan. EAEn, bestalde, 11.000 dira ablazioa praktikatzen den herrialdeetatik iritsi eta bertan bizi direnak, eta horietatik 800 neskato leudeke arriskuan (2013ko datuen arabera).
Ablazioaren Aurkako Nazioarteko Egunean eman dituzte datuak. Orotara 200 milioi emakumeri erauzi dizkiete genitalak, eta munduko 30 herrialdetan da indarrean ablazioa. Indonesian, Egipton eta Ethiopian bizi dira ablazaio jasan duten neska eta emakumeen ia erdia —44 milioi—.
"Hiru hilabete dituztenean hasten gara. Oso txikiak dira eta horregatik egiten dugu orduan. Baina batzuetan 18 urterekin ere egiten diegu", dio Josephine Akissi Colibalyk. Boli Kostakoa da bera eta hainbat urtez aritu da ablazioak egiten. "Genitalak erauztearen aldekoek ohiturak eta kultura argudiatzen dituzte auren defentsan. Ablazioa egiten dutenek, berriz, euren ogibidea dela diote. Zail horren guztiaren aurka egitea, baina saiatzen gara", azaldu du Molao Bomisso ekintzaileak.
2030erako desagertua
Duela lau urte milurteko helburuen artean ezarri zuen Nazio Batuen Erakundea ablazioaren desagertzea. Unicefek onartu du azken 30 urteotan asko gutxitu dela praktika hau, baina aldi berean, ohartarazi du haren aurkako neurriak hartu ezean, ez dela lortuko hura 2030erako desagerraraztea. "Ablazioa giza eskubideen urraketa larria da. Guztiok egin behar dugu ahalegina, hra behin betiko desager dadin", adierazi du Geeta Rao Guptak, Unidefeko zuzendariordeak.