GIZARTEA

NBEren babesa eskatu dute Aaiunera sartu nahi zuten EHUko ikertzaileek

Carlos Martin Beristain eta Gloria Guzman EHUko ikertzaileak eta Arantza Chacon Saharako emakumeen babeserako euskal sareko kidea kanporatu egin zituen Marokok, Aaiunerako bidean zirela.

Beristain, 2013ko irailean, Marokok Saharan eginiko giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2016ko urriaren 11
19:29
Entzun

Bilbon eginiko agerraldi batean, Beristainek azpimarratu du ez direla Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioaren aldeko ekintzaileak, eta haien asmoa zela giza eskubideen urraketen biktimei azken urteetan eginiko ikerketa "serioen" emaitzen berri ematea.

Ikerketa horiek jada argitaratuta daude; besteak beste, zortzi lagunen arrastoak zeuden bi hobi komun eta 261 tortura, bortxaketa, desagertze eta bonbardaketa aztertu dituzte.

"Marokok beldurra dio egiari, eta hori da edozein bake prozesuren oinarrizko elementuetako bat", esan du Beristainek, eta jakinarazi Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi ordezkariari nahiz Desagertze Behartuen Taldeari babesa eskatuko dietela, Marokok azalpenak eman ditzan ikertzaileak kanporatzeagatik: "Ezin dira arbitrariotasunak onartu biktimen eskubideen aurka".

Grabaketa bat aurkeztu du Beristainek. Bertan, Marokoko poliziek galarazi egiten diote Aaiunera sartzea, soilik azalduz "ordena publikorako mehatxu bat" dela. Chaconek eta Guzmanek, berriz, esan dute "persona non grata" izateagatik kanporatu zituztela, eta salatu dute Marokok oraindik ez diela itzuli ordenagailua eta maleta.

Las Palmastik (Espainia) zihoan hegazkinetik jaitsi bezain pronto kanporatu zuen Marokoko Poliziak Beristain. Chacon eta Guzman, berriz, hegazkina iritsi bezain pronto eta hankak lurrean jartzeko betarik eman gabe kanporatu zituzten Aaiundik.

EHUko errektoretza taldeak ere oharra atera du gertatutakoa salatzeko. "Sostengua" adierazi die erakundeei eta elkartasuna azaldu pertsonei. "Aintzatespena aitortu nahi dio Hegoa eta bestelako erakundeek Mendebal Saharan giza eskubideen defentsan egunetik egunera egiten duten lanari".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.