Nazio Batuen Erakundearen Torturaren Kontrako Batzordeak estu hartu zuen Espainiako Gobernua apiril amaieran eginiko galderetan, eta ondorioen txostena argitaratu du orain. Batzordea kezkatuta agertu da hainbat alorretan. Torturarenean, esaterako, ohartarazi du Espainiako Zigor Kodeak oraindik ez duela jasotzen Torturaren Aurkako Hitzarmenean torturaz ematen den definizioa; tortura delituetako zigorrak ere ez dira gogortu, batzordeak hala eskatu arren.
Espainia lege erreforma bat prestatzen ari da torturengatik zigortzeko epearen preskribatzea hamarretik hamabost urtera luzatzeko. Batzordeak gogorarazi dio estatuaren ardura dela bermatzea tortura delituak preskribaezinak izatea.
Inkomunikazioaren aurrean ere arduratuta azaldu da batzordea; aboliziora bidean, inkomunikazio erregimena berrikusteko eskatu dio, eta ziurtatzeko atxilo dauden pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzen zaizkiela. Gainera, gogorarazi dio atxilotuek eskubidea dutela gertukoekin harremanetan jartzeko eta abokatuarekin modu konfidentzialean hitz egiteko.
Amnistiaren aurka
Halaber, Torturaren Aurkako Batzordeak Madrili galdegin dio har ditzala legezko neurriak ziurtatzeko torturak amnistia ez daitezen, eta berma dezala torturaren biktimek erreparazioa eta kalte-ordaina jasotzen dituztela. 1977ko Amnistia Legearekin ere kritiko ageri da.