Negoziatzeko eskatuko dio Amaiurrek Madrili

Behin betiko bakea lortzeko elkarrizketa aldarrikatu du, eta Gernikako Akordioaren edukia bultzatzeko konpromisoa azaldu duNafarroako errealitate politikoa aintzat hartuz, erabaki eskubidea bultzatuko dute

joxerra senar
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Madrilera joango gara euskal gizartearen indarrarekin Estatuari esateko elkarrizketa eta negoziazio prozesuan konpromisoa hartu beharra duela». Amaiur koalizioak konpromiso hori eramango du Espainiako Gorteetara azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren. Atzo, koalizioa osatzen duten lau alderdietako ordezkariek—Alternatiba, ezker abertzalea, Aralar eta Eusko Alkartasuna— hauteskunde kanpainari begira zabalduko duten mezu nagusia azaldu zuten prentsaurrekoan Gasteizen, eta argi utzi zuten egungo «une historikoan behin betiko bake jokaleku bat lortzeko» lan egingo dutela

Maite Aristegi Amaiurren Gipuzkoako zerrendaburuak eta Aralarreko Jon Iñarrituk euskaraz irakurri zuten agiria, eta gaztelaniaz Alternatibako Jonathan Martinezek eta Eusko Alkartasuneko Estitxu Iturratek. Era berean, prentsaurrekoan izan ziren Rafa Larreina, Iker Urbina eta Igor Navarro.

Euskal gizartearen aurrean lau konpromiso hartu dituzte Amaiurreko hautagaiek bozei begira. «Gure joko-esparru naturala Euskal Herria dela eta Madrilera herri gisa dagozkigun eskubideak exijitzera goazela sinetsita, aurre egingo diogu gure kudeaketa politikoari», azaldu dute, batetik. Hala, nabarmendu dute Amaiur «Euskal Herriaren bozgorailu» izango dela Kongresuan eta Senatuan: «Euskal herritarren ahotsa izango da eta nazio gisa dituen eskubideen aldarrikapena egingo du».

Bigarrenik, gatazka politikoa «modu demokratikoan» gainditzeko konpromisoa hartu du. Espainiako Estatuari exijituko diote elkarrizketaren alde egin dezala. «Ibilbide horretan Gernikako Akordioa izango da gure bide-orria eta bere edukiak sustatuko ditugu». Era berean, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute.

Hirugarrenik, eskubide nazionalen aldarrikapena izango da haren jardun politikoaren iparrorratza. «Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako biztanleriaren borondate demokratikoa errespetatua izateko lan egingo dugu, Nafarroako errealitate politikoa eta nafarrek hartuko dituzten erabakiak aintzat hartuz».

Bestelako gizarte eredu bat

Azkenik, bestelako gizarte eredu baten alde egingo dute. «Langilerian eta babesik txikiena duten gizarte esparruetan eragina izan dezaketen arloetan esku hartze berezia egingo du Amaiurrek». Adibidez, lan harremanen euskal esparrua defendituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.