Eguerdian hasita, pare bat orduz egon dira bilduta Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazu eta EH Bilduko legebiltzarkideak —Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno, Leire Pinedo eta Nerea Kortajarena—, 2019ko aurrekontuen inguruan negoziatzen. Oposizioko gainerako alderdiek aurreratu dute ezezko botoa emango diotela Jaurlaritzaren proiektuari, baina EH Bilduk prest agertu da aurrekontuak ahalbidetzeko, bi abstentziorekin. Baldintzak jarrita, hori bai: pentsioen inguruan eta enplegu politikan.
Iriartek aitortu du "aurrerapenak" sumatu dituela sailburuarekin egon ondoren, batez ere, enplegu politikan. "Ikusi dugu [Jaurlaritzak] badaukala borondatea EH Bilduk mahai gainean jarri dion proposamenari erantzuteko". Hala ere, oraindik pauso gehiago eman beharko dituela ohartarazi du Iriartek. Pentsioen gaian, behintzat, "oraindik urrun" ikusi ditu bi aldeen proposamenak.
"Ahalegina egingo duela esan digu gobernuak", azaldu du Iriartek, eta negoziatzen jarraitzekotan geratu direla esan du. Oraingoz, ez dute egunik jarri. EH Bilduk ere ahalegin hori egingo duela ziurtatu du, pentsioen gaian "adostasunak" bilatzeko. EH Bildu “azken segundura arte” saiatuko da akordioa lortzen, bozeramailearen arabera.
Atzo, Mahai Politikoaren asteroko bileraren ostean, EH Bilduk esan zuen Jaurlaritzak proposatutakoak ez diela erantzuten koalizioaren "sakoneko asmoei", proposatutako diru kopuruak ez direla "nahikoak" pentsiodunen beharrei erantzuteko, eta behar horiek ase ezean EH Bilduk ez dituela aurrekontuak babestuko.
Bilera baino lehen, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak hitz egin du, eta oposizioko alderdien gain jarri du ardura. “Guk, Eusko Jaurlaritzak, gonbidatzen ditugu talde politiko guztiak aztertu dezaten eta kontrastatu dezaten, gizartearekin, zein izango litztekeen aurrekonturik ez izatearen kostu sozial eta ekonomikoa”.