Negoziaziora deitu dute etengabeko arretako langileek

Bizkaiko Osakidetzaren etengabeko arreta guneetan greba egitekoak dira asteburuan, murrizketak salatzeko

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Gure lan baldintzak Osakidetzak legez eskain ditzakeen penagarrienak dira. Horrela jarraituz gero, geratuko zaigun aukera bakarra auzitara jotzea da». Bizkaiko etengabeko arreta guneetako langileek orain aste batzuk iragarritako hamabi greba egunei eusten diete. Bihar eta etzi dira egitekoak lehen bi greba egunak: «Garbi dago grebak endredoren bat sortuko duela. Baina gaixoak lasai egon daitezela, larrien daudenak artatu egingo baititugu. Ez dugu inoren bizia arriskuan jarriko. Gutxieneko zerbitzuak bermatuta egongo dira», adierazi zuen atzo Patxi Aierbe bozeramaileak. Halaber, negoziatzeko deia egin diete Osakidetzako arduradunei. «Gu lankidetza arduratsua eskaintzeko prest gaude».

Osakidetzak ezarritako murrizketen ondorioz beren lan baldintzak okerrera egin dutela salatu nahi dute. «Zerbitzuak ixten ari dira, eta lan ordutegiak luzatzen. Asteburuetan ere lan txanda gehiago ditugu. Ezarri dituzten ordutegiak, gainera, kaotikoak dira. Lehen milaka pertsonak egiten zuten lana 450en artean egin behar dugu. Horrela ezinezkoa zaigu familia eta lana uztartzea». Hala, lehen arretako osasun profesionalek ere «dagokien ardura» hartu beharko luketela uste dute, eta denen artean lan karga banatu. Horrekin batera, larrialdi zerbitzuen egoera zein den zehaztuko duen plangintza bat eskatu du.

Izan ere, haien ustez, «ezinbestekoa» da etengabeko arreta guneetan eskaintzen den zerbitzua: «Osasun sistema publikoari dirua aurrezten laguntzen diogu, guri esker gaixo asko ez baitira larrialdi zerbitzuetara joaten».

Osakidetzak murrizketa eta aldaketa horiek «inposatu» egin dituela salatu dute. «Egoera bideratzeko egin ditugun ahaleginak, gainera, antzuak izan dira. Ez dute negoziatzeko borondaterik, eta oso txikiak dira onartzeko prest dauden aldaketak». Hori guztia kontuan hartuta, zalantzan ikusten dute zerbitzuaren etorkizuna.

Hori horrela, negoziatzeko benetako konpromisoa eskatu diote Osakidetzari: «Gauzak konpontzeko aukera izan zuten maiatzean izandako mahai sektorialean, eta ondoren izan genituen hartu-emanetan. Orain, greba bertan behera uzteko eskatu digute, mahaisektorialera deituko duten konpromisoarekin. Baina oraindik ez dute ezta egun jarri ere. Gainera, guk neurriak atzeratzea behar dugu. Egoera konpontzeko borondatea dutela erakutsi behar digute».

Hala egin ezean azaroaren 22tik 28ra ere greba egiteko asmoa dute. Abenduan, berriz, beste hiru egunetan greba egitera deitu dute; hilaren 1ean, 11n eta 12an. Etorkizunari begira, ez dute baztertzen greba mugagabea hastea lan gatazkak bere horretan jarraitzen badu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.